Ahobizi eta belarriprestentzako tailerrak antolatu ditu Euskaraldiko lantaldeak

Oraingoz 650 oiartzuarrek eman dute izena ekimenean

Azaroaren 23a hurbiltzen ari da eta horrekin batera Euskal Herri osoan gauzatuko dugun Euskaraldia ere bai. Ahobizi eta belarriprest izateko formakuntza tailerrak emango ditu Oiartzungo Euskaraldiko lantaldeak. Izan ere, batzuetan, ez da erraza txapa bat jarri eta, besterik gabe, dauzkagun hizkuntza ohiturak aldatzea. Tailerren helburuak ahobizi eta belarriprest rolak bereiztea, bakoitzaren egitekoak azaltzea eta rol horiek betetzeko estrategiak ematea izango dira.

Tailerrak irekiak izango dira, dagoeneko izena eman duten herritarrentzako edota emateko intentzioa dutenentzako. Astegunez eta larunbatetan emango dira, herritarrei erraztasunak eman asmoz.

Tailerreko saio guztiak Elorsoro kiroldegiko bilera gelan izango dira. Astezko saioak (hilaren 13, 15, 19 eta 21ean) 18:00etan hasiko dira eta larunbatekoak (hilaren 10 eta 17an), berriz, 10:00etan.

Tailerrak arinak eta dinamikoak izango dira (ordu eta erdi inguru iraungo dute). 

650 oiartzuarrek eman dute izena

Udal langileekin, Haurtzaro Ikastolako guraso eta langileekin, eta Elizalde Herri Eskolako gurasoekin ere tailer berezituak egingo dira.

Dagoeneko 650 oiartzuar baino gehiagok eman dugu izena euskararen aldeko ekimenean.

Oraindik izena eman ez dutenak, hala ere, garaiz dabiltza: azaroaren 12tik aurrera, arratsaldero Fermiñenen izango dute aukera (18:00etatik 20:00etara) eod www.euskaraldia.eus webgunean on-line.

Txapen banaketa ere egun eta ordutegi horretan egingo da (azaroaren 12tik 22ra, 18:00-20:00).

Gehigarriak

Ahobizi eta belarriprestentzako tailerrak antolatu ditu Euskaraldiko lantaldeak