Garazi Urdampilleta alkateordeak praktika on gisa aurkeztu du Kutura Mahaia Oinherrik antolatutako “Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen” jardunaldietan.
Oinherri elkarteak (Euskal Herriko herri hezitzaileen sareak) “Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen. Kultur eskubideak herri hezitzaileen ikuspegitik” jardunaldiak burutu berri ditu Azpeitiako Dinamoa sormen gunean, Artaziak kooperatibarekin lankidetzan.
Jardunaldien marko teorikoan, Iratxe Retolaza kultur hezitzaile eta aholkulariak, eta Ana Revuelta Artaziak Kooperatibako kideak gaur egungo herritartasun kulturalaren zorua kultur hezkuntzan kokatu dute, eta kultur hezkuntzaren hiru habe definitu: haurtzaroaren kultura, kultur hezkuntza komunitarioa, eta herri hezitzaileen balioak.
Praktikara etorrita, herritarren parte-hartzean oinarrituta bidea egiten ari diren hainbat kultur proiektu komunitario ezagutzeko aukera izan da jardunaldietan; tartean, Oiartzungo Kultura Mahaiarena. Kultur gobernantzan parte hartzeko eskubidearen haritik, Garazi Urdampilleta Astibia alkateordeak Oiartzungo Kultura Mahaiaren izana eta datozen 10 urteetarako plangintza osatzeko egin den parte-hartze prozesua azaldu ditu.
Oiartzungo Kultura Mahaia, lanerako marko eta motor
Oiartzungo Kultura Mahaia zabalagoa den Oiartzun Burujabe proiektuaren baitan kokatzen da. Oiartzun Burujabe herri egitasmo bat da, egungo garapen ereduaz hausnartzea eta aldaketarako pausoak ematea helburu dituen herri egitasmo bat. Bost lan ildo nagusi ditu: energia, zaintza, elikadura, euskara eta kulturartekotasuna, eta kultura. Lan ildo bakoitzak bere mahaia du eta horiek herritarrek, sektoreko eragileek eta udal ordezkariek osatzen dituzte.
Kultura Mahaia da Oiartzunek eta Oiartzungo Udalak kultur eskubideak lantzeko duten markoa; herriko kulturgintzako trakzioa eta koordinazio puntua ere badena. 2025-26 ikasturtean, Kultura Mahaiak hala bultzatuta eta Artaziak kooperatibaren laguntzarekin, eskubideen gaian sakontzeko eta ikusmolde hori sozializatzeko parte-hartze prozesu bat egin eta ekarpenak jaso dira. Hiru saio izan ditu prozesu horrek: saio teoriko bat gaia kokatzeko eta bi praktiko, batetik, mapeo bat eta soziograma bat burutzeko eta, bestetik, kultur eskubideetan oinarritzen den 2037ra arteko lan ildoen marko teorikoa eta ekintza plana definitzeko. Azken dokumentu hori Kultura Mahaiaren 2026ko urteko batzarrean aurkeztu eta onartu zen, Oiartzunen hurrengo 10 urteetarako jardunaren gidalerro bihurtuz.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika