Bigarren eskuko etxebizitza bat zozkatu da eta itxarote-zerrendaren hurrenkera ere ezarri da.
Gaur egin da Landetxe Kultur Aretoan Arragua auzoko bigarren eskuko etxebizitza tasatu bat esleitzeko zozketa. Itxarote-zerrendaren hurrenkera ere ezarri da. 190 familia-unitatek hartu dute parte zozketan. Saio irekia izan da eta udalaren webgunetik zuzenean jarraitzeko aukera ere egon da.
Etxebizitza tasatuen urteko hirugarren zozketan parte hartu duten behin betiko zerrendako familia-unitate guztiek dute zozketaren emaitza ikusteko aukera SMS bidez jaso duten kode baten bitartez (ikusi zerrenda).
Etxebizitza egokitu zaionak udalaren jakinarazpena jasoko du. Etxebizitza tasatua eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu beharko du: Oiartzunen erroldatuta egon eta etxe-premia duela ziurtatzeaz gain, diru-sarreren muga ez duela gainditzen justifikatu beharko du. Hala badagokio, 20 eguneko epean (10 eguneko luzapena eskatzeko aukerarekin), beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko dio esleipendunari udalak. Epe horretan esleipendunak etxebizitzari uko egingo balio edo agiriak aurkeztuko ez balitu, itxarote-zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.
Zozketa Landetxera etorritako ikusle boluntarioarekin egin da. Lehenik etxebizitza esleitzeko zenbaki-bola atera du; ondoren, berriz, itxarote-zerrendaren hurrenkera zehaztekoa. Azken zenbaki hori duen interesduna da itxarote-zerrendan lehena eta, goitik beherako segidaren baitan (zerrendaren amaierara arte eta bueltan itxarote-zerrendako lehen interesdunaren zenbakira iritsi arte), ezarri da interesdun guztien itxarote-zerrenda.
Etxebizitza bulegoa udaletxean bertan, urritik
Joana Mendiburu Garaiar alkateak eman dio sarrera zozketaren ekitaldiari. Gogoratu du etxebizitza bulego ibiltaria martxan jarri berri dela urrian Oarsoaldean, lau udalen iniziatibaz eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin lankidetzan.
Oiartzunen astearteetan egoten da, udaletxeko beheko solairuan. Doako zerbitzua da herritarrentzako eta aurrez hitzordua hartuta funtzionatzen du, arreta ahalik eta egokiena eta eraginkorrena eskaintzeko. Lau udalerrietako herritarrei etxebizitzaren arloko informazioa, orientazioa eta izapideetarako laguntza aurrez aurre eta eskualdeko ikuspegi integralez eskaintzea da helburua. Etxe bila dabiltzanei, maizterrei zein etxejabeei zuzendutako zerbitzua da, programa eta laguntza karta zabalari buruzko informazio eta orientazioa eskaintzen baititu (babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko Etxebide eta Alokabide programak, etxebizitza alokairuan jartzeko ASAP eta Bizigune programak, ezohiko etxebizitza merkaturatzearen onurak eta horretarako aukerak, etxebizitza eraberritzeko eta irisgarri egiteko dirulaguntzak, lokalak etxebizitza bihurtzeko aukerak…).
Mendiburu alkateak adierazi du urriaren 13an izan zuela etxebizitza bulegoak lehen eguna Oiartzunen. “Gaur arte hiru egunez eskaini du zerbitzua eta 15 hitzordu izan ditu. Etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko dirulaguntza programei buruz galdegin dute batzuk, jada alokairuan egonik beste etxebizitza baten beharra dutenak ere etorri dira orientazio eske eta udal etxebizitza tasatuei buruzko informazio zehatza eskatu dute beste batzuek. Etxejabe batzuek euren etxebizitzak alokairu sozialean jartzeko informazioa eskatu dute eta hainbat herriko promozio berrien xehetasunak eskatzera joan dira etxebizitza bulegora”.
Etxebizitza tasatuen udal erregistroan izena emateko epea beti irekita
Salmentarako etxebizitza tasaturik egonez gero (izan berria edo bigarren eskukoa), hiru hilero egiten dira zozketak. Etxebizitza tasatuen udal erregistro orokorrean egon eta beren eskaerek (auzoak eta etxebizitzaren logela-kopuruak) salgai diren etxebizitzenekin bat egiten duten familia-unitateek hartzen dute parte zozketetan. Etxebizitza tasatuen eskatzaileen erregistroan baldintzak betetzen dituen edonork eman dezake izena edonoiz, urte osoan dago zabalik horretarako aukera. Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegora joan behar da horretarako.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika