Kulturaren sentsibilizazioan sakontzera datoz aurtengo Ondare Jardunaldiak

Urriaren 3an emango zaio hasiera egitarauari.

Ondare Jardunaldiak zortzigarrenez burutuko dira aurten gure herrian. Ondarearen Mahaiak, hainbat eragilek eta Oiartzungo Udalak herriko ondarea eta historia ezagutzera emateko antolatzen dituzten jardunaldiek kulturaren sentsibilizazioan sakondu nahi dute edizio honetan. Ondareak dituen gisa ezberdinetako arriskuen kontzientzia sortzen lagundu nahi da, eta geratzen den ondarea nola kontserbatu eta baloratu aztertzeko hausnarketan eragin. Hau da, arriskuan dagoen kultura-ondarea eta hura babesteko, transmititzeko eta bizirik mantentzeko moduak ikusgai jarri nahi dira.

Lau hitzorduko egitaraua prestatu da, urriaren 3an hasi eta azaroaren 14an amaituko dena. Euskal Herriko alboka historikoen kontzertuaz gozatzeko, meatzaritzaren gaineko bisita komentatua egiteko, Oiartzungo kantutegiko harribitxi ezezagunak entzun eta kantatzeko, eta Gipuzkoako eraikin erlijiosoen historiaz eta kontserbazioaz ikasteko aukera izango da aurtengoan.

Egitaraua eta izen-emateak

  • Urriak 3, larunbata:
    • “Geologia eta gizakia”, meatzaritzari eta trengintzari buruzko bisita komentatua (10:00 | Altzibarko aparkaleku publikoa | 6 € | luberrimuseoa@gmail.com)
    • Euskal Herriko alboka historikoen kontzertua (12:00 | Landetxe Kultur Aretoa | 8 € | sarrerak.oiartzun.eus)
  • Azaroak 4, asteazkena: “Hau leku aittorra!”, Oiartzungo kantutegiko harribitxi ezezagunen emanaldia (18:00 | Udaletxeko areto nagusia | Doan | ouke08@oiartzun.eus)
  • Azaroak 14, larunbata: “Gure ondare, gure Gipuzkoa”, probintziako eraikin erlijiosoen historiaz eta kontserbazioaz aritzeko jardunaldia (11:30 | San Esteban eliza | Doan | gordailua@gipuzkoa.eus)

 

Argazkian, Joseba Zabaleta Soinuenea Herri Musikaren Txokoko kidea eta Nora Velez del Burgo zinegotzia.

Gehigarriak

Kulturaren sentsibilizazioan sakontzera datoz aurtengo Ondare Jardunaldiak