Lehentasunek legegintzaldiko mugarriak dituzte iparrorratz.
Oiartzun herri bizia, bizigarria, jasangarria, berdinzalea eta euskalduna izateko helburua ezarri zuen udalak legegintzaldi honen hasieran. Bide horretan aurrera egiteko xedez, segidako lehentasunak markatu ditu hasi berri den ikasturterako.
1. Etxebizitza plana: etxebizitza bulegoa eta tentsio handiko eremu izendapena
Oiartzuarren etxebizitza beharrak entzun eta bakoitzari dagokion erantzuna emateko etxebizitza bulegoa irekiko du udalak. Bertan, etxebizitza baten bila dabilenari zein etxejabeei eskainiko zaie arreta eta informazioa.
Oiartzun tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko beharrezko dokumentazioa udaberrian aurkeztu zen Etxebizitza Sailean eta, urtea amaitzerako, izendapena eskuratzea aurreikusten da.
2. Udal musika eskola berria: baimenak, proiektua eta egoitza
Ibargain musika eskolak ateak itxiko dituela eta Soinuenea Herri Musikaren Txokoak bere lana museoan zein ikerketan zentratzeko nahia duela jakinez geroztik, erreleboa prestatzeko lanean ari da udala, Ibargaingo eta Soinueneako lantaldearekin batera. Datozen hilabeteetan, Hezkuntza Sailaren baimenak eskuratzeko, zerbitzu berria antolatzeko eta egoitza berria topatzeko lanetan jarraituko du udalak.
3. Elizalde herri eskola: fatxada eta teilatua
2025eko udan Europako LIFE dirulaguntzetara aurkeztutako proiektuari jarraipena emateko, udalak Hezkuntza Sailarekin Elizalderen fatxada eta teilatua berritzeko markoa adostua du. Udazkenean hitzarmena sinatzea aurreikusten da eta, dena ondo bidean, 2027an lan horien proiektua idazteko enkargua gauzatuko du udalak.
4. Zaintza diagnostikoa eta indarkeria matxisten aurkako plan integrala
Oiartzunen, gizarte langileen eguneroko lana osatzen dute, batetik, etxez etxeko udal zerbitzuak eta, bestetik, bakardade ez hautatuaren aurka egiteko Zaintzadi programak. Hala ere, etengabeko lanketa eskatzen duen arloa da zaintzarena.
Udazkenean zaintza arloko hutsuneak detektatu eta zerbitzua hobetzen joateko zaintza diagnostikoa aurkeztuko du udalak. Bestetik, indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeak artatzeko plan integrala lantzen amaituko du. Azkenik, Oiartzunera etorri berri diren herritarren inklusioa errazteko harrera gida ere aurkeztuko da.
5. Ekonomia: trafiko arazoen diagnostikoaren jarraipena eta Lanbarrenen eraberritzea
Udaberrian, eskualdeko garraio astunari buruzko azterketa eta egoera arintzeko neurri zehatzak proposatu zituzten eskualdeko lau udalek elkarlanean. Eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena den neurrian proposamen horiek Foru Aldundiko azpiegitura sailari aurkeztu zitzaizkion. Elkarlanerako markoa lantzen jarraituko du udalak.
Bestetik, gainerako industriaguneak berritu ostean, datozen urteetan Lanbarrengo industriagunea eraberritzeko proiektua landuko da udazkenean.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika