Herri musikari plaza eskaini dietenei eskertza

Soinuenea Herri Musikaren Txokoa omendu du udalak Xanistebanetako Kultur Ekitaldian.

Urte luzez herri musika eta musika tresnak dokumentatzen, gordetzen eta hauspotzen aritu den eta gaur egun ere horretan darraien Soinuenea Herri Musikaren Txokoa omendu du aurten udalak Xanistebanak iragartzen dituen urteroko Kultur Ekitaldian. Herri musikak limurtu du Landetxe Kultur Aretoa.

Joana Mendiburu alkateak eman dio hasiera ekitaldiari. Kultur eragileak “herria kohesionatu eta aberasten duten pieza garrantzitsuak” direla esan du eta gaurko unea erabili nahi izan du urtean zehar egiten duten lana aitortu eta eskertzeko. “Elkarlana funtsezkoa da pasatakoari begiratzeko, egungoa sendotzeko eta etorkizuna irudikatzeko. Etorkizuneko herria eraikitzeko, oldarraldien aurrean gure kultura eta hizkuntza defendatzeko, kulturartekotasuna zaintzeko, eta herri emankor baten alde lan egiteko”.

Joana Mendiburu (alkatea): “Jarraitu hotsak gure ahots bihurtzen, zuen musika eta erritmo propioz”

Oiartzungo kulturgintza bizia da eta eragile asko dira, modu batera edo bestera, ahalegin horretan beren alea jartzen dutenak; “kulturgintza ez baita aurpegi bakarrekoa, eta aurpegi guztiak baitira beharrezko gauzei forma eman eta formak sortzeko. Ez naiz urteurrenetan bakarrik gelditzearen zale, baina aipatu nahi nituzke bete berri diren Oiartzun urtekariaren beraren 70.a, Iturriozko Iturri Berri elkartearen 60.a, Elizalde herri eskolaren 50.a, Girizia mendizale elkartearen 40.a eta hiesaren aurkako lanean aritzen den Harri-Beltzaren 30.a. Besarkada estu bat eta bejondeiela denei”. Horien eta herriko beste inurri guztien lanari, konpromisoari eta ilusioari esker, Oiartzunek kultur sorkuntzarako, transmisiorako eta topagunerako herri bizia izaten jarraitzen du.

Soinuenea Herri Musikaren Txokoak herritarrei ateak ireki zizkiela datorren martxoan beteko dira 25 urte, zilarrezko ezteiak. Aitzitik, bere bidea 90. hamarkadan hasi zuen, herri musikaren dokumentazio zentroa sortzeko Juan Mari Beltranen determinazio sendoz eta orduko alkatea zen Juanito Iñarraren begirada luzeko ikuspegiz. 90eko hamarkada garai emankorra izan zela nabarmendu du Mendiburuk. “Aldarrikapen politiko eta sozialekin batera, euskal kultura berpiztu eta herria kohesionatzeko nahiak bultzatuta oso ekimen interesgarri eta emankorrak abiatu ziren. Hartuko zuen zerbait hartatik Soinueneak ere; eta badu, zalantzarik gabe, ordutik honako jardunean, herentzian uzteko asko. Egindako bideak aitortza xume hau merezi du 2026ko Xanistebanetako Kultur Ekitaldi honetan”.

Oiartzuar guztien izenean, Joana Mendiburu alkateak zorionak eta eskerrak eman nahi izan dizkio Soinueneako lantalde guztiari “herri musikaren ikerketa, dibulgazio zein transmisioan egindako eta egiten duen lanagatik, eta mundu mailako erreferente izan eta hango zein hemengo errekonozimendu nahiz sariak jasoagatik, ingurune hurbilari lotutako ikuspegia eta konpromisoa ere izateagatik”. “Determinaziotik eta bisiotik asko zuen ideia zoro” hartan sinesteagatik, zailtasunen gainetik aurrera egiteagatik eta sortutako ondare eder bezain oparogatik ere eskerrak eta zorionak eman nahi izan dizkio alkateak Soinuenean Herri Musikaren Txokoari Oiartzungo herriaren izenean. “Jarraitu hotsak gure ahots bihurtzen, zuen musika eta erritmo propioz” esanez amaitu du.

Soinuenea Herri Musikaren Txokoa: “ Etxekoek eskerrak ematea gauza handia da”

Soinuenea Herri Musikaren Txokoaren izenean Juan Mari Beltranek hartu du hitza. Orain aste batzuk udaletik bilera baterako deia jaso zutenean sorpresaz hartu zutela esan du, zer izango ote zenaren jakin-minez. “Poz handiz eta sustoz, susto gozoz, atera ginen bileratik”.

Orain 30 urte, 90. hamarkadaren erdialdean, Juanito Iñarrarekin proiektua aurkezteko ordu-erdi bateko bilera eskatu zuela gogoratu du. “Ez zer ordu-erdi batekoa izan, Juanitok idazkariari egun hartarako zituen hitzordu guztiak beste egun batera atzeratzeko eskatu zion. Bilera bukatzean argi geratu zen proiektuaren habiak Oiartzun behar zuela izan: emozioa transmititzen saiatu ginen, eta emozio hori jaso izanaren pozez hasi zen bidea.”

7 urtez, 2002ko martxoan Herri Musikaren Txokoak publiko zabalari ateak ireki zizkion arte, material asko, lan asko, eta boluntario eta gogo handia pilatu ziren Soinuenean. Den-denei eskerrak eman nahi izan dizkie Beltranek.

“Azken boladan sari dezente jaso ditugu egia esan, urrutikoak zein hurbilekoak eta handiak nahiz txikiak, baina ezin da ukatu gaurkoak beste karga bat duela. Gauza handia eta ederra da etxekoen eskerrak eta errekonozimendua jasotzea.” Lantalde guztiaren izenean eskerrak eman eta Soinueneak Oiartzunen hemendik aurrera ere bide luzea eta emankorra izango duenaren desioz, elkarrekin egingo denaren desioz, amaitu du Beltranek bere hitzartzea.

Ongien dakien bezala eskertu du Oiartzungo herria Soinueneako lantaldeak: tobera joz eta kopla kantari.