Bigarren eskuko etxebizitza bat zozkatu da eta itxarote-zerrendaren hurrenkera ere ezarri da.
Gaur egin da Landetxe Kultur Aretoan Elizalde auzoko bigarren eskuko etxebizitza tasatu bat esleitzeko zozketa. Itxarote-zerrendaren hurrenkera ere ezarri da. 117 familia-unitatek hartu dute parte zozketan. Saio irekia izan da eta udalaren webgunetik zuzenean jarraitzeko aukera ere egon da.
Etxebizitza tasatuen urteko bigarren zozketan parte hartu duten behin betiko zerrendako familia-unitate guztiek dute zozketaren emaitza ikusteko aukera SMS bidez jaso duten kode baten bitartez (ikusi zerrenda).
Etxebizitza egokitu zaionak udalaren jakinarazpena jasoko du. Etxebizitza tasatua eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu beharko du: Oiartzunen erroldatuta egon eta etxe-premia duela ziurtatzeaz gain, diru-sarreren muga ez duela gainditzen justifikatu beharko du. Hala badagokio, 20 eguneko epean (10 eguneko luzapena eskatzeko aukerarekin), beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko dio esleipendunari udalak. Epe horretan esleipendunak etxebizitzari uko egingo balio edo agiriak aurkeztuko ez balitu, itxarote-zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.
Zozketa Landetxera etorritako ikusle boluntarioarekin egin da. Lehenik etxebizitza esleitzeko zenbaki-bola atera du; ondoren, berriz, itxarote-zerrendaren hurrenkera zehaztekoa. Azken zenbaki hori duen interesduna da itxarote-zerrendan lehena eta, goitik beherako segidaren baitan (zerrendaren amaierara arte eta bueltan itxarote-zerrendako lehen interesdunaren zenbakira iritsi arte), ezarri da interesdun guztien itxarote-zerrenda.
%25eko igoera etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan
Joana Mendiburu Garaiar alkateak eman dio sarrera zozketaren ekitaldiari. Esan du Oiartzungo Udalaren etxebizitza plan integralaren parte dela etxebizitza tasatuen kudeaketa eta salerosketa, eta baduela berezitasun bat: etxebizitza berrien salerosketa ez ezik, bigarren eskukoena ere udalak kudeatzen duela. Neurri horrekin etxebizitza tasatu guztiak legez dagokien prezioan saltzea bermatu nahi da, eta horretarako, etxebizitzaren prezioa zehazteaz gain, udalak bere egina du eroslea izendatzeko eskumena ere.
“Udalak denbora luzea darama etxebizitzaren gaia lantzen, estrategia bat trazatzen, eta halako erabakiak eta neurriak hartzen. Gure esku dauden eskumen guztiez baliatzen ari gara desio den etorkizuneko Oiartzun irudikatu eta herritarren beharretara ahal hainbat egokituko den etxebizitza plan integrala izateko”, adierazi du Joana Mendiburu Garaiar alkateak.
Bigarren eskuko etxebizitza tasatuen salerosketa udalaren eskumenekoa izatea ezinbestekoa da Mendibururen hitzetan “espekulazioari trabak jartzeko, herritar zaurgarrienak babesteko eta etxebizitza bizileku gisa lehenesteko”. Udalak eskumen hori bere eginez geroztiko bigarren zozketa izan da uztailekoa (apirilean egin zen lehena) eta orain arte egindako bidearen balorazio positiboa egin du alkateak: “Apirileko zozketaren berri eman zenez geroztik, etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroko izen-emateek %25 egin dute gora”. Mendibururen iritziz, horrek adierazten du badagoela beharra eta udala bere esku dagoen guztia egiten ari da horri ahal bezain fin erantzuteko.
Etxebizitza tasatuen udal erregistroan izena emateko epea beti irekita
Salmentarako etxebizitza tasaturik egonez gero (izan berria edo bigarren eskukoa), hiru hilero egiten dira zozketak. Etxebizitza tasatuen udal erregistro orokorrean egon eta beren eskaerek (auzoak eta etxebizitzaren logela-kopuruak) salgai diren etxebizitzenekin bat egiten duten familia-unitateek hartzen dute parte zozketetan. Etxebizitza tasatuen eskatzaileen erregistroan baldintzak betetzen dituen edonork eman dezake izena edonoiz, urte osoan dago zabalik horretarako aukera. Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegora joan behar da horretarako.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika