Xanistebanetako egitaraua aurkeztu du jai batzordeak

Mimoz eta gogoz osatu dute ekitaldi sorta anitza eta mardula.

Dagoeneko hasi da Xanistebanetarako atzera kontua, eta aurtengo egitaraua aurkeztu du jai batzordeak. Azken aste mordoan aritu dira hainbat eragile eta udala elkarlanean herriko kaleak oiartzuar eta bisitarien topagune bihurtu eta alaitasunez beteko dituen eskaintza osatzen.


Ikusi Xanistebanak 2026 egitaraua


 

Festak hasi aurreko hainbat hitzordu, uztailaren 26tik abuztuaren 1era

Abuztuaren 2an lehertuko da festa, baina aurretik ere izango da zertaz gozatua.

Uztailaren 26an ospatuko da 78. Xanisteban Txirrindulari Saria, Txomin Perurenaren oroimenezkoa. Done Eztebe plazan izango du irteera eta helmuga.

Hilaren 31n, Xanistebanetako haurren banakako esku-pilota txapelketa herrikoiaren finalak izango dira 10:00etan Kontzejupean. Arratsaldean musika izango da protagonista, Harri Beltzak antolatzen duen HIESaren aurkako kontzertuan. Lourdes Iriondoren omenezko emanaldia izango da, 19:30ean, Done Eztebe elizan.

Festen hasiera iragartzen duen Kultur Ekitaldia egingo dute abuztuaren 1ean. Landetxen izango da, 18:00etan hasita. Oiartzun 2026 urtekariaren aurkezpena egin eta kartel lehiaketako sariak banatzeaz gain, Soinuenean Herri Musikaren Txokoa omenduko du udalak. Abuztuaren 1eko egitarauan kirolak ere izango du tokia: joko garbi eta XV. eskuzko pasaka txapelketa herrikoien finalak izango dira, 18:30etik aurrera, eta 19:00etan Aitor Txiki areto futboleko txapelketako finala. Aurten abuztuaren 2a igandea izanik, festa egun bat aurreratu eta txosnetan kontzertuak izango dira abuztuaren 1ean, larunbatez: Naxker eta DJ Aiakate Txosnagunean, eta DJ Infernu Zimitiyoan.