Herri barruko udal garraio-zerbitzuaren xedea eskualdeko, Donostialdeko eta Bidasoaldeko loturak sustatzea ere bada.
Xorrolak, herri barruko garraio-zerbitzu publikoak, geltoki berria du Urkabe Bidean, Yon Oñatibia etorbideko eta Mendin etxadikoen artean. Uztailaren 1ean jarri da martxan eta, beraz, aurrerantzean, herri barruko hamazazpi geltoki izango ditu Xorrolak.
Auzoko bizilagunen eskaeraz jarri da geltoki berria. Orain hilabete batzuk egindako proposamena aztertu eta egingarria dela ikusi du udalak eta, beraz, “eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunei proposamena egin izanagatik, tokian tokiko beharrak identifikatzen lagundu izanagatik”, adierazi du Agustin Lekuona Irastorza alkateordeak.
Herri barruko udal garraio-zerbitzuaren helburuak dira, batetik, Oiartzungo bertako auzoak eta zerbitzuguneak elkarlotzea eta, bestetik, intermodalitatea sustatzea Ekialdebus eta EuskoTren-ekin loturak eginez. “Xorrolaren zein TaxiBusaren erabiltzaileek bidaia bakarrarekin egin dezakete gure eskualdeko beste herrietarako, Bidasoalderako zein Donostialderako joan-etorria”, zehaztu du Lekuonak. “Mugikortasun jasangarria eta garraio publikoa indartzeaz gain, saretzea ere bada xedea: jada martxan diren azpiegiturak ahal hainbat optimizatzea, alegia”.
Urtean 100.000 erabiltzaile
Urtean 100.000 erabiltzaileren bueltan egonkortuta daude Xorrola eta TaxiBusa. Lehena da, oso nabarmen, erabiliena; besteak beste, auzo populatuenak lotzen dituelako eta zerbitzua ere zabalagoa delako. Ia erabiltzaile denek Mugi txartela erabiltzen dute.
Amaitzeko, Lekuona alkateordeak gehitu nahi izan du Xorrola garraio-zerbitzuaren eta horniduraren kontratazio espedienteari hasieran eman berri zaiola eta hala, ohiko zerbitzua mantentzeaz gain, Xorrola berria ere erosiko dela udazkenean. Zerbitzuaren urteko kostua 376.000 eurokoa izango da. Kontratua urtebetekoa izango da, lau urtez jarraian luzatzeko aukerarekin.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika