2025eko ekainaren 16an martxan jarriz geroztik 11.000 bisitatik gora izan ditu.
Orain urtebete jarri zen martxan Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoa herriko plazan, udaletxearen ondoan. Lau langile egoten dira bertan 07:30etik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Herritarrei arreta integrala eskaintzea da helburua. Oiartzuarrentzat erreferentziazko bulego bat eta bakarra izatea, besteak beste, zalantzak argitzeko, izapideak egiteko, eskaerak bideratzeko nahiz ordainketak burutzeko.
Aurrez aurreko 11.000 bisitatik gora izan ditu arreta bulegoak; telefono deiak eta emailak aintzat hartuz gero, dezentez gehiago. Hainbat erabiltzailek bereziki nabarmendu dute zerbitzuaren erabilgarritasuna eta erosotasuna, baita alderdi humanoa ere: dena delako eskaera, izapide edo zalantzarako pertsona baten laguntza izatea.
Arraguako topoaren geltokian eta herriko plazako arreta bulegoaren beraren kanpoaldean dauden tramitazio-makinek ere eskaintzen dute norberak bere kabuz hainbat izapide egiteko aukera. 2025eko otsailetik hona (bulegoa bera baino lehen jarri baitziren martxan), ia 4.000 izapide egin dira tramitazio-makinen bitartez.
140 tramite egiteko aukera eskaintzen du Herritarren Arreta Zerbitzuak
Zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu Herritarren Arreta Zerbitzurako guneak: gisa ezberdinetako erregistroak eta eskaerak, errolda, tasa- eta zerga-ordainketak, udal dirulaguntzak eta baimenak, etxebizitza tasatuen eskatzaileen erregistroa, administrazio publikoekin egin beharreko gestioak errazteko b@kq sinadura eta SIR erregistroa, laguntza telematikoa, hondakinen atez ateko bilketari lotutako aholkularitza, tituluen egiaztatze digitala, eta kontsultarako edota informazio orokor zein zehatzerako aurrez aurreko arreta eta akonpainamendua.
140 tramite ezberdin egin daitezke Herritarren Arreta Zerbitzurako gunean; udalekoez gain, beste administrazioetako batzuk ere bai. Trafiko Zuzendaritzan egin behar izaten den ibilgailuen helbide aldaketa da zerrenda horretara gehitu den azkena.
Lehen urtearen balorazio oso positiboa
Lehen urtearen balorazio oso positiboa egin du udalak. Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoaren inaugurazioan Joana Mendiburu Garaiar alkateak adierazi bezala, legealdi honetako asmoetako bat zen Herritarren Arreta Zerbitzurako gune bat sortzea herritarrei zuzeneko arreta hobea eskaintzeko eta udalarekin harremana errazteko; zerbitzu publikoa hurbilagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa izateko. Eta horretan ari da udala.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika