Larunbatean egingo da 2025ean jaiotako oiartzuarren atsolorra

66 haur jaio ziren iaz herrian eta 40k hartuko dute parte festan, beren familiekin.

Iaz jaiotako haurren atsolorra egingo dute larunbatean (hilak 23) familiek eta udalak elkarlanean. 11:00etan elkartuko dira, giro ederrean, Arizmendieneako lorategian (eguraldiak ez badu laguntzen, Landetxe Kultur Aretoan izango da).

Iaz herrian jaio ziren 66 haurretatik 40k eta, haien guraso eta senideek parte hartuko dute atsolorrean. Aurtengoa ere udalak eta gurasoek elkarlanean antolatu dute. Haurrei zapiak jarri eta euren argazkiekin zuhaitza osatzeaz gain, etxekoek ere parte hartuko dute kantari eta musika doinuz. Jatekoa ere izango da.

Oiartzuar ttikienei komunitatera ongietorria egiteko euskal erritua da atsolorra. 2014an jaiotako oiartzuarrekin hasi ziren udala eta gurasoak atsolorra antolatzen eta ordutik, urtero, herriko ttikienei harrera egiteko festa elkarlanean antolatzen da. Familiak hala nahi izanez gero, jaiotzera iritsi ez edo jaio orduko hildako haurrei ere egiten zaie lekua, izan badirelako haiek ere.

Gehigarriak

Larunbatean egingo da 2025ean jaiotako oiartzuarren atsolorra