Oiartzungo beilatokia publikoa da, Euskal Herrian gutxi bezala.
Beilatokiaren sarrerako aretoaren sapaia berritu da, barruan jendea pilatzean burrunba sortzen baitzen oihartzunagatik. Hori ekidin eta beilatokiko egonaldia ahal bezain goxoena eta lasaiena izateko egin dira hobekuntza lanak. Astebetez itxita egon da beilatokia eta, obra lanak bukatuta, irekita dago berriz ere apirilaren 20az geroztik. Datozen hilabeteetarako eta aurreragorako, udalak aurreikusiak ditu beste hobekuntza lan batzuk: beiratea eguzkitatik babestea berotegi-efekturik sor ez dezan, eta klimatizazio eta aireztatze sistema berritzea.
Herriko beilatokiaren mantenu- eta kudeaketa-lanez udala arduratzen da, publikoa baita. Gehienean enpresa pribatuenak izan, haiek kudeatu eta merkatu ikuspegiz funtzionatzen badute ere, Euskal Herrian badira beilatoki publiko gutxi batzuk eta bat Oiartzungoa da. Herrian erroldatuta dagoen edonork erabil dezake beilatokia. Udaltzainek kudeatzen dituzte eskaerak, ez du ordutegi mugarik eta, beilaz gain, azken agurrak egiteko aukera ere eskaintzen da. Prezio publikoa du, kudeaketa gastuak estaltzea beste helbururik ez duena.
2011z geroztik hilerriaren alboan dago beilatokia. Orduan itxi zen San Esteban elizaren atzealdeko gunea. Elizaren atzealdeko gela “elizari eta, beraz, erlijioari lotzen zitzaion; txikia, iluna, hotza, beilatzeko prestatu gabea zen eta irisgarritasun arazoak zituen”, adierazi du Olaia Lasa Olaziregi alkateordeak eta ongizate zinegotziak. Beilatoki berri baten beharraz jakitun, dirulaguntza bati esker eraiki zen gaur egungoa. “Izan zen kudeaketa enpresa pribatuen eskuetan uzteko aukera, baina udalak bere esku hartzea erabaki zuen, herriko beste proiektu estrategiko askotan bezala, hori egitea etorkizuneko ikuspegiz jokatzea zela sinetsita. Heriotzak tabu izateari uzteko, naturalizatzeko, herritarrek behar duten beste zerbitzu publiko baten gisa tratatzeko eta pertsonen ongizateari lotzeko bidean aurrerapauso bat zela sinetsita.”
Eskerrak heriotza eta dolua lantzen dituzten herriko eragileei
Herriko hainbat elkarte eta eragile aritzen dira heriotza eta dolua lantzen. Besteak beste, pasa berria da Abaraxka ludotekak urtero antolatzen duen Hilen Eguna, haurrekin gaia landuz eta haiekin batera antolatzen duen eguna. Gau Beltzaren bueltan lanketa bat ere egiten dute ludotekak berak eta Zaintzadik (desiratua ez den bakardadean dauden helduen bizi-kalitatea hobetzeko proiektu komunitarioa da Zaintzadi). Esku Hutsik elkarteak gaiaz goxo eta ahal hainbateko naturaltasunez aritzeko jardunaldiak antolatzen ditu. “Udalak eskerrak eman nahi dizkie gaiari plaza eskaini eta lantzeko aukera ematen duten eragile denei, elkarlanean Oiartzunek aurrera egiteko beste alderdi bat baita”, esanez amaitu du Lasa alkateordeak.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika