Bigarren eskuko bi etxe zozkatu dira eta itxarote-zerrendaren hurrenkera ere ezarri da.
Gaur egin da udaletxeko areto nagusian Olalde etxadiko bigarren eskuko bi etxebizitza tasatuak esleitzeko zozketa. Etxebizitzarik egokitu ez zaien interesdunen itxarote-zerrendaren hurrenkera ere ezarri da. 188 familia-unitatek hartu dute parte zozketan. Saio irekia izan da.
Zozketa bakarra egin da, eskaintzen ziren bi etxebizitzek ezaugarri berdinak dituztelako (Altzibar auzoan daude, hiru logela dituzte eta bigarren eskukoak dira). Ondorengoa izan da prozedura: zozketa-ontzian interesdunen behin betiko zerrendako zenbakiak sartu dira; eta zorro batean, bi etxebizitzen identifikazio-txartelak. Zozketa ikustera etorri direnen artetik hiru boluntario aukeratu dira. Lehen biek zenbaki-bola bat eta segidan identifikazio-txartel bat atera dituzte, bi etxebizitzak esleitzeko. Hirugarren boluntarioak itxarote-zerrendaren hurrenkera zehazteko zenbaki-bola atera du zozketa-ontzitik. Azken zenbaki hori duen interesduna da itxarote-zerrendan lehena eta, goitik beherako segidaren baitan (zerrendaren amaierara arte eta bueltan itxarote-zerrendako lehen interesdunaren zenbakira iritsi arte), ezarri da interesdun guztien itxarote-zerrenda. Itxarote-zerrenda bakarra dago, esan bezala, zozkatu diren bi etxebizitzek ezaugarri berdinak dituztelako.
Behin betiko zerrendako familia-unitate guztiek dute zozketaren emaitza ikusteko aukera SMS bidez jaso duten kode baten bitartez (ikusi zerrenda).
Etxebizitza egokitu zaienek udalaren jakinarazpena jasoko dute. Etxebizitza tasatua eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute: Oiartzunen erroldatuta egon eta etxe-premia dutela ziurtatzeaz gain, diru-sarreren muga ez dutela gainditzen justifikatu beharko dute. 20 eguneko epean (10 eguneko luzapena eskatzeko aukerarekin), beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko die esleipendunei udalak. Epe horretan esleipendunen batek etxebizitzari uko egingo balio edo agiriak aurkeztuko ez balitu, itxarote-zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.
Bigarren eskuko etxebizitza tasatuak, udalaren eskumen
Joana Mendiburu Garaiar alkateak eman dio sarrera zozketaren ekitaldiari. Esan du Oiartzungo Udalaren etxebizitza plan integralaren parte dela etxebizitza tasatuen kudeaketa eta salerosketa, eta baduela berezitasun bat: etxebizitza berrien salerosketa ez ezik, bigarren eskukoena ere udalak kudeatzen duela. Neurri horrekin etxebizitza tasatu guztiak legez dagokien prezioan saltzea bermatu nahi da, eta horretarako, etxebizitzaren prezioa zehazteaz gain, udalak bere egina du eroslea izendatzeko eskumena ere.
Gaurkoa izan da udalak bigarren eskuko etxebizitza tasatuen salerosketaren eskumena eskuratuz geroztiko lehen zozketa. Salmentarako etxebizitza tasaturik balego (izan berria edo bigarren eskukoa), hiru hilero egingo dira zozketak. Etxebizitza tasatuen udal erregistro orokorrean egon eta beren eskaerek (auzoak eta etxebizitzaren logela-kopuruak) salgai diren etxebizitzenekin bat egiten duten familia-unitateek hartzen dute parte zozketetan. Etxebizitza tasatuen eskatzaileen erregistroan baldintzak betetzen dituen edonork eman dezake izena edonoiz, urte osoan dago zabalik horretarako aukera.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika