Hurrengo egiteko nagusia Lanbarrenen bigarren eraberritze integrala izango da.
Errenkan, herriko industriagune guztien biziberritze eta mantentze lanak egin ditu Oiartzungo Udalak 2015etik hona, bi legegintzaldi eta erdian. Lintzirinekin hasi, Makarraztegi, Oiartzun eta Lanbarrenekin segi, eta Ugaldetxoko poligonoarekin amaituta, herriko industriagune estrategiko guztiak biziberritu dira. Berritze lan horiez gain, etengabeko mantentze lanak ere egin dira industriagune nagusietan zein txikiagoetan.
Guztira, 6.000.000€ inbertitu dira herriko industriaguneetan azken urteetan, udalaren ekarpenei eta hainbat dirulaguntza eskatu eta lortu izanari esker. “Udalak, batez beste, 1,5-2 milioi euro artean izaten ditu urtean herriko inbertsio guztietarako. Industriaguneetan, batez beste, 500.000€ pasatxo inbertitu dira urtean azken hamarkadan. Inongo zalantzarik gabe esan dezakegu poligonoetan egindako inbertsioak esanguratsuak direla, baita udalak 2. sektoreari ematen dion garrantziaren eta harekin duen konpromisoaren isla direla ere”, adierazi du Joana Mendiburu Garaiar alkateak.
2015 eta 2017 artean, Lintziringo sarrera-irteerak, errepideak, azpiegiturak eta espaloiak egin edota berritu ziren 2.100.000€ko inbertsioa eginez. 2021ean Lanbarren egokitu zen, 2022an Oiartzun eta Makarraztegiko guneak, eta 2022 eta 2023 artean, bi fasetan, Ugaldetxoko poligonoa. Esandakoez gain, Altzibarren, Pagoaldean eta Talaian asfaltatzen lanak egin ziren. 2019-2023 legegintzaldian 2.600.000€ inbertitu ziren industriaguneetan. 2024tik gaur arte Ugaldetxoko industriaguneko bidegorria eta han-hemengo mantentze lanak egin dira: asfaltatze lanen bi fase Lanbarrenen eta Zuaznabar pareko lubizi baten ondoriozko konponketa lanak Ugaldetxon. 1.100.000€ko inbertsioa egin da azken lan horiek gauzatzeko. Esandakoez gain, urteroko ohiko garbiketa, saneamendu, pintaketa… lanak ere egin dira.
Lanbarren, hurrengo erronka
Lanbarren izango da hurrengo erronka. “Bost urte pasa dira Lanbarrenen eskuhartze sakonak egin zirenetik eta badu berriz heltzeko premia, jardun eta mugimendu handiko gunea baita eta aldaketak ere izan baitira”, adierazi du alkateak.
Epe laburrean, urteroko mantentze-lanez gain, autopistaren magaleko segurtasun paretan lur-mugimendua detektatzen duten sentsoredun ainguratzeak jarriko dira eta ur sarearen azpiegiturak urrutiko kontrol sisteman sartzeko lanak egingo dira. 335.000€ko aurrekontua izango dute lan horiek.
Horiez gain, azpimarragarriena eta estrategikoena, Lanbarren biziberritzeko proiektu integrala izango da. Udala aurreproiektua idazten hastear da. Aurreproiektu horrek eta udala egiten ari den Lanbarrengo enpresen nahi eta beharren diagnostikoak ezarriko dituzte etorkizuneko lanerako ildoak. Fase batean baino gehiagoan egiteko lanak izango direla aurreikusten da, aurrekontu handikoak, eta udalak dirulaguntzak lortzeko bideak jorratuko ditu.
Arragua-Lanbarren korridoreko trafiko arazoei ere helduko zaie, Oarsoaldeko lau udalerriekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean; eskualdekoa baita arazoa eta Foru Aldundiarena ekiteko eskumena. Bide beretik, 2025ean, Foru Aldundiaren finantzazioarekin, EHUko Caviar ikerketa zentroarekin eta RAZ arkitektura enpresarekin elkarlanean Landetxen antolatutako Gipuzkoa Nodal jardunaldiak erakutsi zuten Arragua garraio publikoaren nodo bat dela, alegia, garraio publiko desberdinak gurutzatzeko aukera handiak dituen gunea. Tren geltokiak zentralitatea hartu beharko luke eta garrantzitsua litzateke Lanbarrenekin lotuko lukeen bidegorria, Irun-Donostia bidegorriaren proiektua aprobetxatuz. Lanbarrengo enpresa eta langileekin elkarlanean mugikortasun jasangarriaren gaineko lanketaren lehen haziak ere jarri dira. “Jakina denez, industriaguneek mugikortasun handia dakarte, eta garraio publikoaren eta bizikletaren erabilerak auto propioena murrizten lagun dezake”, esan du Mendiburuk.
Lanbarrengoa ez ezik, herriko industriagune guztietako garbitasuna ere nabarmen hobetuko da udazkenetik aurrera. Izan ere, udaleko bi alderdien hondakinen gaineko akordioaren puntuetako bat da industriaguneetako hondakinen bilketa selektiboa udal eskumenekoa izatea. Udazkenean hori martxan jartzean, bilketa bera optimizatzeaz eta ekonomikoki eraginkorragoa izateaz gain, garbitasunean ere eragin nabarmena izango du.
Inbertsio kuantitatiboak ez ezik, kualitatiboak ere bai
Oiartzungo Udalarentzat estrategikoak dira industriaguneak. Batetik, kalitatezko eta balio erantsiko jarduera eta lanpostuak erakartzeko, sortzeko eta mantentzeko palanka lan handia egin dezaketelako. Bestetik, herriarentzako eta eskualdearentzako onura ekonomikoak dakartzatelako, besteak beste, zerbitzu publikoak finantzatzeko diru-iturri izanez.
Estrategikoak dira industriaguneak eta hala jarduten du udalak, “kudeaketa landua eta zaindua da” alkatearen hitzetan. Lehendik jarduera ekonomikorako transformatuta dauden guneak biziberritu eta azpiegiturak txukun mantendu nahi dira, 2. sektoreko eta logistika-jarduerentzako gorde eta erreferentziazko bihurtu berriak sortu behar ez izateko. Inbertsio ekonomikoez gain, inbertsio kualitatiboan ere indarra jartzen da: “lan instituzional eta tekniko handia egiten da jarduera eta lan kualifikatu industriala erakarri eta herrian mantentzeko, eta elkarlana sustatzen da beste erakunde publiko zein pribatuekin”. Horren adibide dira, besteak beste, industriaguneetako hainbat enpresak beren ekarpenak egitea poligonoak biziberritzeko, zuzeneko arduradun zein onuradun direla ulertzen baitute; edota udalak bere plan eta ordenantzetan aldaketa jakinak egitea enpresak herrian gera eta handi daitezen.
“Balio erantsia, emaitzak, ekarri ditu lan horrek guztiak” azpimarratu du Mendiburuk. “Herriko eta eskualdeko enpleguarentzako ezinbesteko eremuak dira Oiartzungo industriaguneak. Erreferenteak dira eskualdeko ekonomian, arnasgune eta motor ekonomiko bat. Eta bertako hainbat enpresa ere hala dira, erreferenteak, beren sektoreetan”. Enplegu datuak ere esanguratsuak dira: 1130 establezimendu eta 8500 lanpostu daude Oiartzunen. Oiartzunek biztanleria aktiboa baino lan eskaintza handiagoa du.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika