Gaur egun, bizikletak uzteko 330 plaza daude herriko 30 puntutan.
Herriko bizikleten aparkaleku flota handitu du udalak berriki. Txirrinduak uzteko lehendik zeuden 12 puntuez gain, beste 18 daude orain herrian. Azken asteetako lanak bukatuta, bizikletak aparkatzeko 330 plaza daude gaur egun Oiartzunen (lehen 190 ziren). 5157€ko kostea izan dute aparkaleku berriek.
Bizikletak uzteko puntu berri gehienak Elizaldeko hirigunean eta haren inguruan jarri dira: Landetxen, Kontzejupe plazan, Madalensoro pilotalekuan, Manuel Lekuona liburutegian, Haurtzaro Ikastolaren eta Urmendi haur eskolaren sarreretan, eta kiroldegian (atzealdeko aparkalekuan), besteak beste. Horiez gain, ondorengo lekuetan ere jarri dira txirrinduak uzteko lekuak: Ugaldetxoko futbol zelaiko aparkalekuan, Mendibilgo frontoian, Iturriozko pilotalekuan eta Almazeneren ondoan, bidegorriko skate park-ean, Altzibarko Eroskiren aurrealdean, Ergoiengo Auzokalte elkartearen inguruan eta Karrikako frontoiko iturriaren alboan.
Etorkizunean gehiago jartzen joatea ere aurreikusten du udalak. Euskal Herria plazako aparkalekuan dago horri lotutako proiekturik azpimarragarrienetako bat. Herriko plaza alderako sarrera osoki eraberritzea aurreikusten baita: beirate handi bat izango du argitasuna irabazteko eta 26 bizikleta uzteko lekua. Horrez gain, udala Arraguan (topoaren sarrera-irteeraren alboan) txirrinduentzako gune estali bat jartzeko aukera aztertzen ari da.
Bizikletak, Oiartzungo mugikortasun planaren ezaugarrietako bat
2024ko ekainean onartu zen Oiartzungo lehen mugikortasun plana, hurrengo bost urteetarako erronkak eta ekintzak zehazten dituen bide-orria. Ordura arte hasitako bideetan sakontzea eta pauso berriak ematea ditu helburu.
Joan-etorri askoko herria da Oiartzun eta gaur gaurkoz, norberaren ibilgailu propioa da mugitzeko erabiltzen den garraiobide nagusia. Pausoz pauso kotxearen lehentasuna gutxitu eta mugikortasun jasangarriago eta osasuntsuagoaren alde egitea da helburua; bereziki eragiteko xedez herri barruko joan-etorrietan. Auzoguneak oso sakabanatuta dituen herria da Oiartzun eta, beraz, herritarrek alternatiba eroso eta merkeak behar dituzte eskura. Bidegorria herriko mugikortasunaren ardatza izanik, bizikleta da alternatiba horietako bat eta udalak herritarrak bizikleta hartzera bultzatzeko erraztasunak jarri nahi ditu.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika