Erabilera turistikorako etxebizitza eta establezimenduak, mugatuak

Aho batez onartu du plenoak Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko ordenantzaren aldaketa.

Udalbatzarreko zinegotzi guztiek, aho batez, lehen onarpena eman diote erabilera turistikorako etxebizitza eta establezimenduak mugatzeari, Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko hala dagokion ordenantza-aldaketa adostuz. Horixe izan da Oiartzungo Udaleko urtarrileko udalbatzako azpimarra nagusia.

Joana Mendiburu alkateak adierazi duenez, “Oiartzungo Udala etorkizuneko ikuspegiz ari da gai honetan ere pausoak ematen, turismoa herri-arazo izan aurretik. Orain urtebete hasitako azterketa-, diagnostiko- eta dokumentazio-lana oinarri, Oiartzun bizi eta bizigarri baten aldeko apustua egin nahi du Oiartzungo Udalak: etxebizitza bizitoki gisa lehenesteko apustua, hain justu”, eta horren parte da erabilera turistikorako etxebizitza eta establezimenduak mugatzeko hartutako erabakia.

Etxebizitza turistikoei dagokienez, besteak beste, ondorengoak jasotzen ditu ordenantza aldaketak: etxebizitza libreek bakarrik izango dute horretarako aukera, gutxienez 50m2-koak izango dira, atari bakoitzean etxebizitza turistiko bakarra egotea baimenduko da, 1. solairuan bakarrik egon ahal izango dira (behean inor bizi ez bada) eta dentsitate baxuko hiriguneetan ez da eskaerarik onartuko (familia bat edo biko etxebizitzetan, kasu). Hotelei eragiten dieten hainbat neurri ere hartu dira. Adibidez, eraikin osoak hartu beharko dituzte, solairukako antolaketa jakina izan beharko dute eta industria eremuetan salbuespeneko eskaerak soilik onartuko dira.

Hondakinen kudeaketa hizketagai, hala tokatu ez arren

EAJ taldeak hondakinen kudeaketari lotutako gai bat ekarri du galde-eskeen tartera, epez kanpo eskatu izanagatik eta urgentziazkoa ez izateagatik udalbatzarreko gai-zerrendatik kanpo geratutako mozio-eskaera bat. Oiartzungo Udala Garbitania Zero Zabor erakunde publikoan sartu aurreko txosten ekonomikoa eskatu du horren gaineko bozketa egin aurretik. Joana Mendiburu alkateak erantzun duenez, “horretan lanean ari dira udal teknikariak eta hala dagokionean eraman eta bozkatuko da udalbatzarrean”. Bestalde, gogoratu du EAJ lanketa horren guztiaren parte dela dagoeneko.

“Harriduraz” hartu du udal gobernuak gaia bera plenora eraman izana, baita horretarako modua ere. Izan ere, alkateak adierazi duen gisan, “2025eko azaroan, akordioa erdietsi genuen bi alderdiek, EAJk eta EH Bilduk, herriko birziklatze-maila hobetzen jarraitzeko eta orain arteko bidean aurrerapausoak emateko. Lanerako mahai bat sortu genuen horretarako, eta bertan neurri praktiko zehatzak landu”. Etorkizuneko erronketako bat industria poligonoetako bilketa selektiboa optimizatzea da; horretarako, azken horren kudeaketa Udalak bere gain hartuz. Testuinguru horretan kokatzen da Oiartzungo Udala Garbitania Zero Zabor erakunde publikoaren parte izatea.

Horiek esanda, azaroan hasitako bidean elkarrekin pausoak ematen jarraitzera gonbidatzen du udal gobernuak Oiartzungo EAJ.

Gehigarriak

Erabilera turistikorako etxebizitza eta establezimenduak, mugatuak