Otsaila, ihote hila

Ihoteak nagusi hainbat hitzorduz beteta datorren otsaileko agendan.

Urtea joan da eta nabari da berriz ere intxixu, basandre eta sorginekin elkartzeko unea gertu dela. Auzo denek jada eginak dituzte otsailaren 7ko kuestazioaz gozatzeko aurrez egin beharreko lanak, oiartzuarrak hasiak izango dira zakuak prestatzen, eta laster ekingo diote euren balkoiak eta auzoak kolorez apaintzeari ere. Otsailaren 6an jaitsiko dira intxixu, basandre eta sorginak Kataxulotik, eta hiru egunez herri osoan barrena festan eta bihurrikerietan ibilita, 8an egingo dute kobazulora buelta.

Otsailaren 6an lehertuko da festa, eta horren aurretik, girotzen hasia da jada herria. Gaur egingo da, aurrenekoz, “Ihotiak Oiartzundik mundura” aurkezpena; kulturartekotasuna lantzeko bidean, ihoteak beste kulturetatik etorritako oiartzuarrei edo festa hobeki ezagutu nahi dutenei hurbiltzeko aurkezpena. Horrez gain, otsailaren 1ean (igandea) zaku tailerra izango da Topalekuan eta otsailaren 4an, asteazkenez, “Piztu sua” txotxongilo ikuskizuna Landetxen.

Eta otsailaren 6an, esan bezala, lehertuko da jaia. Goiz osoan zehar ikastetxeetan festa izango da nagusi. 15:00etan, beheko plazan elkartu eta Doneztebera bidea hartuko dute haurrek ihoteei dei egiteko burrunbarekin. 16:30ean burrunba amaituta, txokolatada izango da 16:45ean herriko plazan. 19:30ean iritsiko dira intxixu, basandre eta sorginak plazara, eta aurretik ere giro aparta izango da azeri eta sorgin dantzekin. Festan zakuz jantzita parte hartzeko eskatu du Ihote Taldeak.

Auzoz auzo kuestazioa izango da otsailaren 7an, larunbatean, 9:00etatik aurrera. Aurten ere jende mordoak parte hartuko duela aurreikusten dute antolatzaileek. Bapo bazkaldu ondoren, 18:00etatik aurrera elkartuko dira auzotar guztiak Doneztebe plazako Kataxulon eta Ihote Berbeneroak alaituko du ilunabarra.

Igandean, otsailaren 8an, 9:00etan txistularien diana izango da. 11:00etan, karroxa eta kalejira Elizalde auzoan beheko plazatik abiatuta. Arratsaldean 19:00etan egingo dute martxa datorren urtera arte intxixu, basandre eta sorginek. Asteburu osoa herrian barrena ibili ondoren, Kataxulora itzuliko dira deskantsura. Ikusi hemen Ihoteak 2026 egitaraua.

Ihoteak pasata ere izango da zertaz gozatua herrian

Otsailaren aurrenekoa izango da aurten ihote asteburua, urteko astebururik bereziena, eta behin hori pasata ere izango da zertaz gozatua herrian. Haurrentzako, Pello Añorgaren ipuin-kontaketa eta “Agur Peter Pan” antzerki-obra izango dira. Horrez gain, usadioari jarraiki, Santa Ageda bezperako eskea ere izango da herrian. Landetxen hainbat filmaz, “Querer” telesailaz eta haren gaineko solasaldiaz, “À peine” antzerki-obraz, Bakarlari eta Ganbara taldeen kontzertuaz, aurresku txapelketaz eta “Hezur berriak” bertso saio literario musikatuaz gozatzeko aukera izango da. Muxikoek otsailaren 22an izango dute hilean behineko hitzordua herriko plazan, eta ezin ahaztu ihote osteko asteburuan ospatzen diren inauteriez ere. Ikusi hemen otsaileko agendako hitzordu guztiak.