35 kontratu handi eta ia 10 milioi euroko bolumena duen kontratazio plana osatu du Udalak 2026rako

Aurreikusitako obra eta zerbitzuak martxan jarrita, legealdirako hitz emandako egitasmo guztiak gauzatzen bukatuko du Gobernu Taldeak.

2026an zehar martxan jarriko dituen kontratu handien planifikazioa egin du Oiartzungo Udalak. 35 obra, zerbitzu eta hornidura handi gauzatzea aurreikusi du datozen 12 hilabeteetan zehar eta kontratuen iraupena kontuan hartuta, 9,9 milioi euroko bolumena du planak. Oiartzuarren ongizaterako eta herriko erronkei erantzuna emateko “anbizio handiko plana” osatu dutela adierazi du Joana Mendiburu alkateak, “begirada luze eta zabalarekin” egina.

2023-2027 legealdia hastean, Oiartzun berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna egiteko dozenaka proiektu martxan jartzeko konpromisoa hartu zutela gogorarazi du alkateak. Mugatuak diren Udaleko baliabide ekonomiko, pertsonal eta materialak “ongi kudeatuz”, asmo eta proiektu horiek egikaritzeko burutu beharreko kontratazioak eta barne lanak egiten “asmatu” dutela nabarmendu du. “Aurreko legealdietan hasitako bidea jarraituz, 2023an herriko beharrak identifikatu eta lehentasunak ezarri genituen. Planifikazio eta kudeaketa onari esker urte hauetan joan gara egitasmo horiek martxan jartzen eta 2026rako onartu dugun kontratazio plangintza honekin, legealdirako hitz eman genituen proiektu guztiak gauzatzen bukatuko dugu”.

Azpiegitura berrietan, poligonoetan, ingurumenean eta herri kohesioan fokua

Datozen hilabeteetan egingo dituzten 35 kontratuek herritarren bizi kalitatea hobetuko dutela azpimarratu du alkateak.

Oso anitzak dira obra eta zerbitzu ezberdinak martxan jartzeko gauzatuko dituzten kontratazioak. Besteak beste, herriko ekonomia zaindu eta Lanbarren industria gunea biziberritzeko 735.000 €ko balioa duten bost obra kontratatuko dira. Mugikortasunari dagokionez, Xorrola zerbitzua eta autobus berriaz gain, bidegorria luzatzeko hainbat obra ere lizitatuko dituzte.

Kulturak garrantzia berezia du 2026ko kontratazio planean, irailetik aurrera martxan egongo den udal musika eskola berriaren lizitazioa eta eraikina egiteko obra ere aurreikusi baitituzte. Herri kohesioa ere oso presente du planak eta, besteak beste, emakumeentzako aholkularitza juridikoa zabaldu edota hotzaren kontrako zerbitzua, esku-hartze psikosoziala edota arreta goiztiarra emateko zerbitzuak lizitatuko ditu Udalak.

Azpiegitura berriak sortzeko eta ditugunak berritzeko kontratazioak ere egingo dituzte: haurrentzako parke estali bat, Elizalde eskolako patioaren eraldaketako fase berria, bidegorrian komun gehiago, liburutegia berritu, kiroldegia egokitu edota bizikletentzako aparkaleku estaliak atondu, adibidez. Gainera, 2025. urte bukaeran lizitatu diren zenbait obra aurten exekutatuko dira, Altzibarren eraikiko den gune estalia kasu.

Diru publikoaren erabilera ona

Planak duen bolumena “oso handia” dela azpimarratu du alkateak. “Gure tamainako udalerriekin alderatuta, ez da batere ohikoa udal bat hainbeste kontratazio kudeatzeko gai izatea, konplexutasun handia baitu bai ikuspegi teknikotik bai antolaketa eta baliabideen aldetik”. Hemen ikusi daiteke osorik.

Gainera, anbizio handiko plana izateaz gain, plangintza “errealista” ere badela nabarmendu du, eta 2025eko lorpenak jarri ditu adibide gisa. “Iaz 27 kontratu handi egitea aurreikusi genuen. 36 egin genituen azkenean, 9 gehiago. Exekuzio maila oso altua izan dugu eta udal langileei eskertu nahi diet erakutsi duten elkarlanerako eta koordinaziorako gaitasun itzela”.

Kontratazio publikoa lehian oinarritutako sistema dela azaldu du alkateak, eta horrek onura zuzena duela diru publikoaren erabilera onean. “2025ean egin ditugun lizitazioei esker, Udalak 1,2 milioi € aurreztea lortu du aurreikusitako prezioa baino merkeago esleitu baitira hainbat kontratu. Datu horrek argi erakusten du diru publikoa arduraz, eraginkortasunez eta zorroztasunez erabiltzeko dugun konpromisoa”.

Kontratazio planak gardentasun ariketa garrantzitsua ere badakar. Dokumentu honen bidez, herritarrek aukera dute jakiteko Udalak urtean zehar zer kontratu egingo dituen, eta zein arlotan egingo diren inbertsio nagusiak. Era berean, enpresei aukera ematen die lizitazioetan parte hartu nahi badute beren eskaintzak prestatzen hasteko. “Oiartzungo Udalak gardentasuna, lehia eta kudeaketa ona uztartzen ditu, betiere oiartzuarren interesak eta diru publikoaren erabilera arduratsua ardatz hartuta”.

Argazkian, Joana Mendiburu alkatea, Lanbarren industrialdea berritzeko hasitako lanak gainbegiratzen.

Gehigarriak

35 kontratu handi eta ia 10 milioi euroko bolumena duen kontratazio plana osatu du Udalak 2026rako