Saioen balorazio positiboa egin du udal gobernu taldeak.
Auzoz auzo batzarrak egiten ibili da udal gobernu taldea urrian zehar. Aurtengoan ere oso arrakastatsuak izan dira saioak. Legealdiko lehen erdiaren balorazioa egiteaz gain, hurrengo bi urteetan Udalak martxan jarriko dituen egitasmoak oiartzuarrekin partekatu eta aberastea izan da bileren helburua. Guztira 151 pertsonek hartu dute parte zortzi bileretan.
Herritarrek interes handia erakutsi dute jada abian dauden proiektuetan eta baita egingo diren berrietan ere. Jendetsuak izateaz gain, azpimarratzekoa izan da auzotarren parte-hartzea. Auzoak hobetzeko ekarpenak egin dituzte eta bizikidetzarekin lotutako gaiak izan dira gehien errepikatu direnak: autoen abiadurak eta behar ez den tokietan aparkatzeak sortzen dituen arazoak, kalean hondakinak botatzea...
Aurrekontu berria osatzeko ekarpenak
Altzibar eta Arraguan euskaratik gaztelerara zuzeneko itzulpena eskaintzeaz gain, aurten estreinakoz zeinu hizkuntza erabili da Ugaldetxoko saioan. Horri esker, entzumen-desgaitasuna duten hiru oiartzuarrek auzo batzarretan parte-hartzeko aukera izan dute lehen aldiz.
Auzotarren egin dituzten ekarpenak kontuan izan dituzte 2026rako udal aurrekontua osatzerakoan. Gainera, auzoetan gauzatu beharreko hainbat lan eta hobekuntza txiki ere identifikatzeko baliagarriak izan dira batzarrak, inbertsio handirik behar ez dutenak. Guztiak apuntatu eta datozen aste eta hilabeteetan egiten joango direla adierazi dute udal ordezkarik.
Saioetako aktak eta erabilitako aurkezpena www.oiartzun.eus webgunean jarri dituzte, Udala ataleko Auzoak sailean.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika