Topalekuak ateak ireki ditu berriz, berrikuntza nabarmenekin

Astean lau egunez egongo da zabalik, ostegunetik igandera.

Ikasturte berria abiatu zuen atzo 12 eta 17 urte arteko nerabeen aisialdirako Topalekuak. Duela bi urte jarri zuen martxan Udalak zerbitzua, nerabeei aisialdi aktibo, partehartzaile, sortzaile eta osasungarria eskaintzeko. Gaztetxoenen artean harrera bikaina izan du hasieratik Landetxen kokatutako espazioak. Bataz beste 30 lagun elkartzen dira ateak zabaltzen dituen egunetan antolatzen diren tailerretan parte hartzera, ping-pongean edo dardotan ibiltzera edota pufetan lasai berriketan aritzera.

Igandeetan ere emango du zerbitzua

Zerbitzuak izan duen arrakasta ikusita, eskaintza zabalduko du Udalak. Ostegun, ostiral eta larunbatetan egon da zabalik orain arte eta aurrerantzean igandetan ere zabalik egongo da Topalekua. Egunaren arabera ordutegi ezberdina izango du: ostegun eta igandetan 17:00etatik 20:00etara, eta ostiral eta larunbatetan ordubete gehiago, 17:00etatik 21:00etara.

Astean lau arratsaldez mota guztietako ekintzak egiten jarraitzeko asmoa dute, beti ere gazteek beraiek hezitzaileekin batera osatutako programazioa oinarri hartuta. Inklusioa, hezkidetza, genero-berdintasuna eta euskara ditu ardatz.

Iazko markak hautsi eta nerabe gehiago erakarri nahi dituzte aurten. DBHn dauden oiartzuar denentzat irekita dagoela eta ez dela izenik eman behar gogorarazi dute. Urrirako prestatu dituzten ekintzak ere iragarri dituzte:

  • Urriak 3: Merendola.
  • Urriak 4: Ezagutza jolasak.
  • Urriak 5: Topalekua musikatu.
  • Urriak 9: “Nolako topalekua nahi dugu?” asanblada.
  • Urriak 10: Bingo musikatua.
  • Urriak 11: Buztin tailerra (egin).
  • Urriak 12: Buztin tailerra (margotu).
  • Urriak 16: Herriari deika 1.
  • Urriak 17: Herriari deika 2.
  • Urriak 18: Ping-pong txapelketa.
  • Urriak 19: Dixit.
  • Urriak 23: Pultserak.
  • Urriak 24: Kandela tailerra.
  • Urriak 25: Egun pasa.
  • Urriak 26: Asanblada.
  • Urriak 30: Pintxo beldurgarriak.
  • Urriak 31: Gau beltza.

 

Gozagunea martxan izango da berriz

Topalekuko sexu-aholkularitza zerbitzua ere berriz martxan jarriko dela iragarri du Udalak. Urtarrilean hasi zen sexualitatea eta harreman afektibo-sexualen inguruko zalantzak lantzeko zerbitzua eskaintzen, sexologian adituak diren profesionalen bidez.

90 gaztek erabili zuten zerbitzu hau urtarriletik ekainera. Besteak beste, honako gai hauek landu ziren: sexualitatea, beldurrak, matxismoa, jostailu erotikoak, pornoa, lgtbiq+fobia eta autoestimua.

Hilean bitan eskainiko da aholkularitza eta Topalekuko hezitzaileen bidez hartu daiteke hitzordua.

Argazkian, Olaia Lasa Ongizate zinegotzia eta Ekain Susperregi Gazte zinegotzia, Topaleku aurrean.

Gehigarriak

Topalekuak ateak ireki ditu berriz, berrikuntza nabarmenekin