Egoera ekonomiko zailean dauden oiartzuarrak babestu eta zerbitzu publiko duinak bermatu nahi ditu zerga ordenantzak.
EH Bilduko eta EAJ-PNVko hautetsien aldeko botoekin onartu zituzten iraileko udal osoko bilkuran landutako gai guztiak, tartean 2026rako Zerga Ordenantzen aldaketa.
Joana Mendiburu alkateak azaldu zuenez, hiru helburu nagusi izan dituzte 2026ko zergak eta tasak zehazterakoak: “udalak kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko diru-sarrera nahikoak izatea, egoera zaurgarrian dauden oiartzuarrak laguntzea eta trantsizio ekologikoa sustatzea”.
Orohar indarrean dauden prezioak %3 eguneratuko diren arren (urteko KPIaren baitan), zerbitzu garrantzitsuenen tarifan ez dituzte igoko, etxez etxeko arreta zerbitzuarena edo taxi-busarena kasu.
Diru-sarrera kopuruaren arabera zehaztu dituzte ordaindu beharreko tasak eta zergak. Errenta gutxiko familiak laguntzeko neurri ezberdinak jaso dituzte. “Kohesiorako eta egoera zailean dauden herritarrak babesteko hobari eta salbuespenak mantenduko ditugu eta besteak beste, ura eta hondakinen tasa ez dute ordaindu beharko edota tarifa murriztua izango dute etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta kiroldegian”.
Proposamen orekatua
20 hobaritik gora jaso dituzte ordenantzan, tartean trantsizio ekologikoan pausoak eman dituzten herritar eta enpresentzat hainbat salbuespen. Hutsik dauden etxeak alokairura bideratzea ere lortu nahi dute. Horretarako, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (IBIan) %100eko gainkargua ordaindu beharko dute hutsik dauden etxeen jabeek eta %50eko hobaria izango dute etxebizitza Bizigune edo ASAP programen bidez alokairuan jartzen badute.
Europako hondakinen legea betetzeko hondakinen tasa %18 igoko dela azaldu zuen alkateak. “Legeak zehazten du hondakinen kudeaketak ezin duela defizitarioa izan; hondakinen tasak ordaindu behar duela kudeaketa gastu guztia. Ezohiko igoera honekin ez dugu helburua guztiz lortuko, baina udaletik bagabiltza gastua kontrolatzeko eta beste sarrera batzuk lortzeko etxeko-lanak egiten eta uste dugu horrekin iritsiko garela gastu eta sarreren orekara”. Gainera, azpimarratu zuen orain arte bezala egoera ekonomiko zailean dauden familiek ez dutela tasa ordaindu beharko. 102 bizikidetza unitate egon dira 2025ean hondakinen tasa ordaintzeaz salbuetsita.
Ordenantza babestu zuten EAJ-PNVko ordezkariek ere. Proposamen “orekatua” dela eta berrikuntza “oso positiboak” dituela esan zuen Janire Mitxelena bozeramaileak. Bereziki azpimarratu zuen bi taldeek hondakinen inguruan adostasuna lortzeko abiatu duten bidea. “Urteetan eztabaida gogorra eragin duen gai bat lantzeko elkarrekin eseri, egoera aztertu eta sistema hobetzeko proposamenak lantzea lortu dugu, guztion ekarpenak aintzat hartuta. Helburu nagusia oiartzuarren ongizatea bermatzea da eta gaurko proposamena norabide horretan urrats berri bat da”.
Oiartzun tentsio eremu izendatzeko lanketa
Oiartzun bizitegi merkatuko tentsio eremu izendatzeko lanketari ekitea ere aho batez onartu zuten asteazkeneko udalbatzarrean. Alkateak argitu zuenez, iaz aztertu zuen Udalak gaia baina orduan Oiartzunek ez zituen betetzen eremu tentsionatu izateko legeak zehazten zituen baldintzak. Eusko Jaurlaritzak egin duen berrazterketa bat tarteko, orain bete ditzakeela dirudi eta baldintzak egiaztatzeko prozesua abiatzea adostu zuten. “Orain arte hainbat neurri hartu ditugu etxebizitza eskubidea bermatzeko. Horretarako udalaren eskumenak mugatuak diren arren, tentsio eremu izendatuta neurri gehiago hartzeko gaitasuna izango dugu”, azaldu zuen.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika