Tradizioa ikur bihurtzeko lan egin dutenei eskertza

Ihote Taldea omendu du Udalak xanistebanetako Kultur Ekitaldian.

36 urtez herriko jairik bereziena antolatzen ibili den Ihote Taldea omendu du aurten Udalak Xanistebanak iragartzen dituen Kultur Ekitaldian. Zakuz, zapiz, auzoetako koloreez eta tinbal eta adar doinuez bete da Landetxe Kultur Aretoa.

Joana Mendiburu alkateak eman dio hasiera ekitaldiari. Kultur eragileak "herria kohesionatzen duten pieza garrantzitsuak” direla esan du eta gaurko unea erabili nahi izan du urtean zehar “musutruk” egiten duten lana aitortu eta eskertzeko. “Elkarlana funtsezkoa da herrigintza. Etorkizuneko herria antolatzeko, oldarraldi judizialaren aurrean gure kultura eta hizkuntza defendatzeko, kulturartekotasuna eta elkarbizitza zaintzeko eta aberasteko, herri inklusiboago baten alde lan egiteko”.

“Komunitatea, zaintza eta auzolana edukiz betetzen dira Ihoteetan”

Pasaden urtea ere Oiartzungo kulturgintzarentzat “urte oparoa” dela adierazi du eta herri musikaren txokoaren bueltan egindako ibilbideagatik Eusko Ikaskuntza saria jaso duen Juan Mari Beltran ekarri du gogora. “30 urte dira Soinuenea Ergoiengo eskolan kokatu zela, 31 urte Harri Beltza elkarteak gure Arantxa Lete zenaren atea jo zuela (ongizate zinegotzia zen Lete) eta bere laguntza izan zuten elkartea sortzeko, eta 36 urte Ihoteak berreskuratzeko bidea urratzen hasi zinetela”.

90eko hamarkada garai emankorra izan dela nabarmendu du. “Aldarrikapen politiko eta sozialekin batera, euskal kultura berpiztu eta herria kohesionatzeko nahiak bultzatuta oso ekimen interesgarri eta emankorrak abiatu ziren. Halaxe sortu ziren Ihoteak, neguko lozorrotik esnatu eta jai giroa herrian zabaltzeko ez ezik, herria kohesionatzeko helburu argiarekin, auzoak elkartu, belaunaldiak gurutzatu, landa eremuko eta herriguneko bizimoduak elkar topatu eta oiartzuar izatearen sentimendua aberasteko gogoz”.

Ihote taldeak lekukoa belaunaldi berriei ematen jakin duena azpimarratu du. “Gu guztion ardura da jaso ditugun altxorrak hurrengo belaunaldiei ematea, bakoitzak bere ekarpena egin dezan, betiere oinarri diren baloreetan. Norberaren eskubideetatik haratago zaintzen gaituen komunitatearen defentsan jarduteko. Komunitatea, zaintza, auzolana, ez dira hitz hutsalak. Eta Ihoteetan edukiz betetzen dira. Horixe da hain zuzen ere zuen lorpenik handiena.  Egindako bideak aitortza eder hau merezi du. Oiartzuar guztien izenean gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet duela 36 urte ekimen hau sortu zenutenei bezala, urtez urte, Ihoteetako iruditegia aberasteko, auzolanari eusteko eta festa eraldatzeko lan egin duzuen guzti-guztiei. Zuen lanari esker oiartzuar izateaz harro egoteko arrazoi bat gehiago dugu!”.

Herritik eta herriarentzat lanean

Ihote Taldearen izenean omenaldiagatik Udalari eskerrak eman dizkiote Exte Martiarena eta Ane Badiolak. “Eskerrik asko, Oiartzungo Udala, aitortza honengatik eta herritar askorentzat hain maitea den festa hau egin ahal izateko bitartekoak eskaintzeagatik. Herrigintzan sinesten eta herrigintza hauspotzen duten alderdiak behar-beharrezkoak dira gure proiektuarekin aurrera egiteko. Zuhaitza loratzen laguntzen duzue urtez urte, zuek ere herritik era herriarentzat”.

Duela 36 urte “ideia zoro zoragarri hau” izan eta egia bihurtu zuten guztientzat ere esker oneko hitzak izan dituzte. “Hazia erein eta sustraitu zenuten, bikain gainera”. Ihote taldearen indargune eta altxor nagusia “belaunaldi ezberdinetako jendea elkarlanean aritzea” dela nabarmendu dute, “elkarrengandik ikasiz eta elkar elikatuz”. Zuhaitza “egokitzen, handitzen eta indartzen” ari da, baina ”ez du bere esentzia galdu, ezta galduko ere. Transmisioa, elkarlana, borondatea eta nortasuna herritik eta herriarentzat; hauek dira herrigintzaren oinarriak, eta hauxe da gure zuhaitzaren ongarria”.

Erme, Zapo eta Markel taldekide kutunak ere ekarri dituzte gogora. “Ekaitzak zuhaitza gogor astindu du zenbaitetan. Zuek ere bazarete adaxka, eta ondorengoentzat kimu”. Eskerrak ematen bukatu dute hitzartzea: “Eskerrik asko izan zinetenei, oraindik bazaretelako. Eskerrik asko zaretenei, ekin eta ekin jarraitzen duzuelako. Ezkutuko lan handia dago hemen. Eta datozen belaunaldiei, aurrez ere eskerrak, zuhaitz hau ez delako berriz ihartuko”.