Herriko ondarearen 55. bilduma 10 establezimendutan egongo da salgai.
Herriko ondarea eta albisteak jasotzen dituen Oiartzun 2025 bilduma kalean izango da aurki. Urtekari Batzordeak liburua abuztuaren 1eko Kultu Ekitaldian aurkeztuko duen arren, larunbat honetatik aurrera egongo da herriko dendetan eskuragarri.
Iosune Cousillas, Izaskun Madariaga, Haizea Saez de Eguilaz, Jaione Ugaldebere, Joxan Eizmendi eta Aiako Harria Gaztelumendik koordinatu dute 55. ale hau. Urtebeteko lanaren emaitza da, eta bertan bildu dituzte herriko pertsona, talde eta gertakari nabarmenenak, beste 61 idazleren laguntzari esker. Guztien artean idatzi dute 266 orrialdeko liburua. Bilduma mardula osatu dute. 9 ataletan banatu dute: elkarrizketa, historia, seme-alabak, kultura, kirola, irakaskuntza, herriko eragileak, albiste aipagarriak eta argazki zaharrak.
Aurtengo elkarrizketa nagusia Joseba Gurutz Ezeiza Aizpurua Kaxkari egin dio Jaione Ugaldeberek. Ibiltari nekaezina, Oiartzungo Bertso Astearen sortzailea ere bada, besteak beste. Harekin batera, auzoetako hainbat protagonista hobeto ezagutzeko aukera izango du irakurleak, hala nola: Feli Garaño Pikabea; Saioa Ballesteros Egiazabal; Karmele Irastorza Lekuona... Baita ere gogora ekarri nahi izan dituzte gure artetik joan diren eta auzoetako nahiz herriko bizitzan garrantzitsuak izan diren Arantxa Lete Bergaretxe eta Markel Galdos Cardeñoso.
10 salmenta puntutan eskuratu daiteke
4 euroan erosi daiteke liburua, establezimendu hauetan:
Berezi janari-denda (Altzibar); Pikoketa estankoa (Arragua); Garmendi txokolategia, Garmendia okindegia, Urrats paperdenda eta Zapirain estankoa (Elizalde); Ibarreko gasolindegia (Iturriotz); eta, Intxixu jatetxea eta Mamuteko liburudenda (Ugaldetxo).
Argazkian, Urtekari Batzordeko kideak eta Garazi Urdanpilleta alkateordea
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika