Udaletxean dago bat eta Arraguako Euskotreneko geltokian bestea.
Herritarren eta udalaren arteko hartu emana ahal bezain zuzena eta erosoa izan dadin lanean ari da Oiartzungo Udala. Barne antolakuntzari dagokionez, prozedurak soiltzeko neurriak hartzen ari da, administrazio-elektronikoa ezartzeko pausoak ematen ari da eta, berriki, herritarrek ohiko izapideak noiznahi egin ahal izateko bi makina eskuratu ditu. Horiei esker, biztanleen erroldako ziurtagiriak atera, ordainagirien kopiak eskuratu, zerga eta isunak ordaindu edota Landetxeko ikuskizunetarako sarrerak erosteko aukera egongo da, eguneko 24 orduz.
Joana Mendiburu alkateak adierazi du “izapideak zai egon beharrik gabe eta bakoitzak nahiago duen tokian eta ordutegian egiteko” jarri dituztela bi makinak. Hartara, zerbitzu “eraginkorragoa eta erosoagoa” eskaini nahi du Udalak. “Makinak eguneko 24 ordutan egongo dira erabilgarri eta herritarrek aukera izango dute udaletxera ala Arraguako Euskotreneko geltokira hurbildu. Bigarren aukera horrekin, udala auzoetara hurbildu nahi izan da. Kokapen aproposa iruditu zaigu Arraguako bizilagunak ez ezik, oiartzuar asko pasatzen baita bertatik trena hartzera”.
Nortasun agiriarekin nahikoa
Makinak erabiltzeko “oso intuitiboak” direla nabarmendu du alkateak. Nortasun agiria besterik ez da behar ziurtagiriak lortzeko edo ordainketak egiteko. “Udaleko izapide denak www.oiartzun.eus webguneko egoitza elektronikotik ere egin daitezke, edozein ordutan, baina jakitun gara herritar askok ez duela bide hori erabili ahal izateko BakQ edo ziurtagiri elektronikorik. Horregatik, makina hauetan tramite nagusiak egin ahal izango dituzte, ziurtagiri edo bestelakorik gabe”.
Erabilera “oso sinplea” duela azpimarratu du Mendiburuk. “Nortasun agiria irakurgailuaren gainean jarri eta egin nahi duzun izapidea aukeratu. Ez da ezer gehiago egin behar”.
Arreta bulego berria, aurki zabalik
Udaberrirako herritarrei zuzeneko arreta eskaintzeko toki berria prest izatea espero du udalak. Bien bitartean, lan ohiturak egokitzen hasteko, “lehen mailako arreta ia guztia udaletxeko behe solairutik bideratzen hasi gara dagoeneko, herritarrek behar dituzten izapide denak langile bakarrarekin egin ahal izateko, udal bulego ezberdinetara joan beharrik izan gabe”. Besteak beste, bertan helbideratzen dira zerga eta tasak, banatzen dira atez ateko kuboak, jasotzen dira intzidentziak…
Beste aste batzuetan udaletxeko beheko solairuan eskainiko da zuzeneko arreta, baina “jakitun gara espazio aldetik oso mugatua dela eta, horregatik arretarako gune berria irekiko dugu laster, udal eraikin nagusiaren ondoan”. Arretarako gune berria irisgarriagoa, erosoagoa, espazio aldetik zabalagoa eta argitsua izango da. Itxaroteko gunea ere edukiko du eta zarata gutxitzeko eta konfidentzialtasuna hobetzeko aukera ere emango du. Bide onetik doaz obrak eta uda aurretik ireki nahi dute arreta gune integrala. Arreta zerbitzua hobetzeko hartzen ari diren neurriekin Udalaren eta herritarren arteko harremana erraztea eta erosoagoa izatea nahi da.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika