Oiartzun Burujabe proiektua zabaltzeko urtean 20.000 € bideratzea adostu zuten udalbatzarrean.
Oiartzungo Udalak hainbat proiektu aurkeztuko ditu EDIL planen bidez Europar Batasunak eskualdeen garapenerako ematen dituen dirulaguntzak lortzeko. Oarsoaldeko gainontzeko hiru udalerriekin elkarlanean osatu dute proposamena, eta otsaileko udal osoko bilkuran aho batez onartu zituzten Oiartzunen gauzatu nahi dituzten inbertsioak. Hiru milioi eurotik gorako proiektuak egikaritzea aurreikusi dute herrian. Nagusienak, Altzibarko gune estalia (1.500.000€); bidegorriko lotura berriak egitea eta zati ezberdinak konpontzea (1.000.000€); Altzibarko Klarene plaza inguruan dagoen eraikin bat eraberritu eta Zorrolako trenaren inguruko interpretazio gune txiki bat egitea (200.000€); eta herriko komertzio txikiak diruz laguntzeko egitasmoa (175.000€).
Joana Mendiburu alkateak eman zituen prestatu duten planaren xehetasunak. Hautatuko proiektuek herri-garapen iraunkorra sustatuko dutela azaldu zuen, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegi hirukoitzetik. “Herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten egitasmo hauek 2025-2029 urte bitartean gauzatzeko izango dira, eta dirulaguntza lortuko bagenu inbertsioaren %40 finantzatuko ligukete”. Aurrekontuaren %60 udalak jarriko luke, alegia. Dena den, bestela ere Udalak baduela aurkeztu dituzten proiektuak egiteko asmoa nabarmendu zuen. “Proiektu horiek denak behar duten inbertsioa jasota dugu gure aurrekontuetan, eta dirulaguntza lortuko bagenu jarritako diruaren %40 errekuperatuko genuke, proiektu gehiago egin ahal izateko”. Oarsoaldeko lau udalerrien artean guztira 14,5 milioi euroko aurrekontua duen inbertsio-plana osatu dute.
Oiartzun Burujabe hauspotzeko 20.000 €
Oiartzungo Udalaren 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren lehen aldaketa ere onartu zuten, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin. Alternatiben Oihartzuna elkarteari 20.000 € emango dizkiote, burujabetzen bidean komunitatearen garapena eta herritarren partaidetza eta elkarlana sustatzeko. Oiartzungo herritarrak ahaldundu nahi dituzte, Oiartzun Burujabe prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten.
Lau hautetsi jeltzaleak abstenitu egin ziren. Rafael Bergaretxek lanketa konpartituago bat eskatu zuen. “Burujabetasuna oso kontzeptu baliagarria izan daiteke plano indibidualetik nazionaleraino, baina behar du azterketa eta gogoeta partekatuagoa eta sakonagoa. Badaramatzagu urte batzuk lanketa hauek herrian entzuten, baina lehen aldia da Oiartzun Burujabe proiektua foro bezala planteatua ikusi duguna. Zerbait konpartituagoa eta definituagoa izan behar du, denon artean landuagoa”.
Ibon Mitxelena Burujabetzen zinegotziak lanketa 2017an abiatu zela azaldu zuen. “Duela zortzi urte hasi ziren martxan zeuden burujabetza ezberdinetan lanean zebiltzan hainbat herritar elkartzen eta gaia lantzeko Burujabetzen Eguna antolatzen”. 2023an helburuetan “koska bat gora” egin zutela adierazi zuen. “Oiartzunen burujabetza terminotan burutzen ziren hainbat proiektu bazirela ikusirik, guztiak artikulatuko zituen dinamika batekin amesten hasi ziren”. Udalak ere bat egin zuen proiektuarekin eta elkarlanean josten hasi ziren Oiartzun Burujabe herri-proiektua, “herritar ororen bizi baldintzak hobetu eta eraldaketa sozialean zein burujabetza prozesu demokratikoetan sakontzeko”. 2024an proiektuaren aurkezpen publikoa egin zela gogorarazi zuen Mitxelenak, eta epe honetan “lanketa konpartitu zabala” egin dela. “2023an hasitako proiektuan eboluzio bat egon da. Bost arlo lantzea adostu da (elikadura, energia, euskara eta kulturartekotasuna, zaintza eta kultura ) eta mahai horiek osatuta daude herriko eragileekin, herritarrekin eta udalarekin”. Prozesua “sekulako martxa” hartzen ari dela nabarmendu zuen eta herritarren parte hartzea errotzen ari dela. “Beharrezkoa dugu herritarrekin hitzarmen bat egin eta euren ahotsa indartsu eta oso presente egon dadin”.
Otsaileko protokolo eta ordezkapen gastuan 73,10 € izan ziren, bazkari eta luntxetan.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika