Osakidetzan kalitatezko arreta bermatzeko eskatu dio Oiartzungo Udalak Osasun Sailari

Hiri Antolaketako Plan Orokorrean aldaketa puntualak egiteko prozedura abiatuko dute.

Asteazkenean egindako ekaineko ohiko udalbatzarrean Duintasuna, Oiartzungo Pentsiodunen Elkarteak Osakidetzaren inguruan aurkeztutako mozioa landu zuten. Jubilatu taldeko kideek azaldu zuten “kezkatuta eta haserre” daudela Osakidetzaren egoera “jasanezina” bihurtu delako. “Geroz eta zailagoa da medikuarekin aurrez aurreko hitzordua lortzea, osasun etxe askotako ordutegia murrizten ari dira, espezialistarenera joateko itxaron-zerrendak amaigabeak dira…”. Nahiz uda sasoian gehiago okertu, nozitutako egoera hauek Osakidetzan ohikoak bihurtu direla salatu zuten. “Ez da noizean behingo gertakizun bat. Urteetako planifikazio gabeziak eta pertsonal politika desegokiak Osakidetza egungo egoera kaxkarrera eraman dute”.

Honen aurrean herritarrek eta instituzioek “posizionatu” behar dutela esan zuten. “Pertsona zaurgarrienentzat, osasun arreta jarraipena behar dutenentzat eta herritarrentzat oro har dituen ondorioak ikusita, ezin gara isilik geratu”. Horregatik, Udalari eskatu zioten Osasun Sailera lau eskaera hauek igortzeko:

  • Lehena, eskatzea herritarrei kalitatezko arreta ziurtatzeko Oiartzungo osasun etxean, ordutegi eta txanda guztietan, horretarako beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun profesionalak ezarriz.
  • Bigarrena, udako opor sasoirako kontingentzia plana definitu eta adostea langileekin.
  • Hirugarrena, ordutegi eta zerbitzuen informazioa herritarrei gardentasunez azaltzea.
  • Eta azkena, osasun langileak zaindu ditzala, lan-baldintza duinak bermatuz eta opor garaietako hutsuneak betetzeko beharrezko kontratazioak eginaz.

EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten eskaera. EAJ-PNVkoak abstenitu egin ziren, bozkatu beharreko puntuekin “ez ados, ez kontra” zeudelako. Osakidetza mediku gabezia sufritzen ari dela esan zuen Janire Mitxelena taldeko bozeramaileak, “gure inguruko osasun zerbitzu publikoetan bezala”. Madrilgo gobernua egin zuen arazoaren erantzule, MIR plaza gutxiegi eskaintzeagatik. Gainera, erretiro, baimen eta bajengatik, 2024ko udan osasun langileen plazen %10 bete gaude daudela azaldu zuen, eta horren aurrean berrantolaketa neurriak hartu direla. Gabezia horri erantzun eta zerbitzua bermatzeko kolaborazio publiko-pribatua egoki ikusten dutela gaineratu zuen, “osasun sistema pribatuarekin akordioetara iritsita”. “Beharrezkoa ez den alarma” ez sortzeko eskatu zuen eta “interes partidistak” alde batera uztea.

Duintasuna taldekoek erantzun zuten ez direla alarma egoera “artifizial” batez ari, “gertatzen ari den egoera” bat dela. “Geroz eta jende gehiagok jo behar du osasun sistema pribatura, Osakidetzan hitzordurik ez dutelako lortzen. Eta ez dago horretarako eskubiderik”.

Hiri Antolaketako Plan Orokorrean egokitzapenak

Mugikortasun eta hirigintza kontuak ere izan zituzten hizpide. Oiartzungo lehen Mugikortasun Planari behin-betiko onarpena eman zioten, zinegotzi denen aldeko botoarekin. Herri jasangarriagoa lortzeko mugikortasun arloan 2029. urtera bitarte lortu nahi dituzten helburuak eta ekintzak zehaztu dituzte.

Hiri Antolaketako Plan Orokorraren (HAPO) lehenengo aldaketa puntualaren prozedurari ekitea ere adostu zuten. 2015etik dago indarrean HAPOa, eta urte hauetan zehar egokitzapen txikiak egiteko beharra sortu da, hiri-lurra eta lur ez urbanizagarriaren arteko zenbait muga zehazteko. Adibidez, Altzibarko biribilgune ondoko aparkalekuaren zati bat landalurrean dagoenez, ezin da asfaltatu. Prozesu honekin aldatu nahi dute eremu horren kalifikazioa, aparkalekua atontzen bukatzeko. Guztira sei dira egin nahi dituzten egokitzapenak.

Bestalde, Gipuzkoako Garraio Agintaritzan udalaren ordezkaritza aldatzea erabaki zuten, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin. Garazi Urdampilleta alkateordea da titularra eta orain arte Olaia Lasa zinegotzia zen bere ordezkoa. Agustin Lekuona izango da aurrerantzean.

Ekaineko protokolo gastuak 890,69 € izan dira, garaikur, bidaia eta lore-eskaintzetan.

Gehigarriak

Osakidetzan kalitatezko arreta bermatzeko eskatu dio Oiartzungo Udalak Osasun Sailari

Fitxategiak