Arditurri meategian lanak egin ditu Udalak, segurtasuna areagotu eta bisita ibilbidea luzatzeko

Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du proiektua gauzatzeko.

Erromatarren garaitik Arditurri meategian egin diren ustiaketa lanak 1984an amaitu ondoren, herriko historiaren zati garrantzitsu bat ezagutzera emateko gunea museo bihurtu zuen Udalak 2008. urtean.

13.000 lagun inguruk bisitatzen dituzte bertako galeriak urtero. 16 urte hauetan berrikuntza eta inbertsio ezberdinak egiten joan da Udala: ibilbideak osatu, lan arkeologiko sakonak egin aztarnak ikusgai jartzeko, bertan egiten zen lana ezagutarazteko ekintza ezberdinak martxan jarri… Arditurriko meategiko bistentzat bigarren irteera bat ere eraiki zen, bisita ibilbidea luzatzeko.

39.000 euroko inbertsioa

Denboraren eta galerian dagoen hezetasuna eta ur pilaketak direla eta, luzatutako bideko hormetan jarri ziren egurrak erori egin ziren 2021ean eta ordutik itxita egon da ibilbidearen zati hori. Azken hilabeteetan lanak egin ditu Udalak eroritako zatia konpontzeko. Sapaia egonkortzeko metalezko zertxak jarri ditu eta hauen gainetik sare bat, arrokatik eror daitezkeen harritxoan jasotzeko.

39.308,24 euroko aurrekontua izan du proiektuak eta Eusko Jaurlaritzaren 20.440,28 (4.088,06+16.352,22) euroko dirulaguntza jaso du, Erein 2023 programaren bitartez. Egindako lanei esker, bidea larrialdi irteera moduan erabili daiteke dagoeneko. Lan gehiago ere egin nahi ditu Udalak bide hau bisitagarri jartzeko. Ibilbideak duen aldaka igotzea errazteko armailak jarri eta eremua argiztatu nahi du aurten.

Gehigarriak

Arditurri meategian lanak egin ditu Udalak, segurtasuna areagotu eta bisita ibilbidea luzatzeko