Geuretik sortuak egitasmoaren uzta, oiartzuarren eskura

Ondutako obrez gozatzeko aukera izango da apiriletik urrira.

Geuretik sortuak-en baitan sortuko hiru antzezlanak, film laburrak eta komikiak Oiartzunen ikusteko aukera izango dugu datozen hilabeteetan zehar.

Disziplina artistiko ezberdinetako euskal sortzaileei (antzerkigintza, zinemagintza, komikia eta literatura) egonaldi artistikoen bidez sorkuntzan laguntzea da Udalbiltzak martxan jarritako egitasmoaren helburua eta Euskal Herriko herrien arteko sare bat sortzea. Bigarren edizio honetan 22 sortzailek eta 39 udalerrik hartu dute parte, tartean Oiartzunek.

Euskarazko kultur sorkuntza eta artisten mugikortasuna sustatzeko Udalbiltzak martxan jarritako proiektuaren bigarren edizioan 39 udalerrik hartu dute parte, tartean Oiartzunek. 2023. urtean zehar sortzaileek sormen egonaldiak egingo zituzten herri ezberdinetan eta bertan sortutako artelanez gozatzeko aukera izango da apiriletik urrira.

Lehen hitzordua, apirilaren 14an

Antzerkien txanda izango da udaberrian. Irailean proiektuaren baitan sortu diren bost komikien erakusketa egingo dute eta urrian film laburren proiekzioa.

  • Antzerkia
    • ‘Olagarrua’ (Antzerki Aroak/Ttipia): apirilak 14, 19:00etan Landetxe Kultur Aretoan (sarrerak dagoeneko salgai sarrerak.oiartzun.eus helbidean).
    • ‘Eukalyptus’ (Jon Ander Urresti): maiatzak 12, 19:00etan Landetxe Kultur Aretoan.
    • ‘Eraitsi S.L.’ (Goitibera konpainia): ekainak 16, kalean (ordua zehazteke).

 

  • Komiki-erakusketa, irailaren 20tik 27ra Udaletxeko areto nagusian. Inauguratzeko Iñaki "Mattin" Martiarena komikigileak aurkezpena egingo du 20an.

 

  • Film laburren proiekzioa, urriaren 20an Landetxe Kultur Aretoan. Alba Lozano zine zuzendariak aurkezpena egingo du.

Ütlandsk, 6 urtez Suedian bizi ondoren Oiartzunera itzuliko da Estiren kontakizuna

Oiartzunen Alba Lozano zine zuzendari barakaldarrak egin zuen egonaldia joan den udan. Herrian pasa zituen asteetan Ütlandsk film laburra sortu zuen. Herriko hainbat aktorek ere hartu zuten parte proiektuan. Xanistebanetan grabatu zuten, herriko txoko ezberdinetan. Urriaren 20ko saioan izango dugu emaitza ikusteko aukera.

Suedian 6 urtez egon ondoren, Oiartzunera itzuli den 24 urteko Estiren bizipenak kontatzen ditu laburmetraiak. Bere buruari jaioterrira itzuliko ez zela agindu bazion ere,  ezegonkortasun ekonomikoak eta lan-prekarietateak itzultzera behartzen dute. Oiartzunera iritsi bezain laster, Suediara bueltatzeko dirua biltzen hasiko da. Atzerrian egon den bitartean aldaketa esanguratsuak izan dituen arren, itzultzean herriak aldaezin jarraitzen duela konturatzen da, eta Esti ez dago egokitzeko prest.

Gehigarriak

Geuretik sortuak egitasmoaren uzta, oiartzuarren eskura