Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloa onartu du Udalak

Aho batez adostu zituzten martxoko udalbatzarreko gai guztiak.

Sexu-jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren eta bestelako jokabide diskriminatzaileen aurrean jarduteko I. Protokoloa onartu zuten atzoko udalbatzarrean, hautetsi denen aldeko botoarekin. Udal lan-eremuan emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen aurkako indarkeria mota ororen edo sexu-indarkerien kontra egiteko tresna izango da.

Lan arloan, sexu-jazarpena eta/edo sexuan oinarritutako jazarpena ikusezin bihurtu daiteke eta biktimen zaurgarritasuna eta babesgabetasuna areagotu (nagusitasun-harremanagatik, lan baldintzengatik, berdintasunaren aurkako erresistentziak, edota beste hainbat faktorerengatik).  Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren ondoriozko kaltea detektatu, artatu eta erreparatzeko egin dute protokoloa. Gainerako politika feministekin eta lan-arriskuen prebentziorako politikekin batera, Udala ere diskriminaziorik gabeko lan-gune feminista eta berdinzalea izateko tresna izango da.

Soinuenea Fundazioari 108.000 €

Martxoko udalbatzarreko gainontzeko gaiak ere aho batez onartu zituzten. 108.854,13 euroko ekarpena egingo dio Udalak Soinuenea Fundazioari 2024an, herri-musikaren inguruan ikerketa, trebakuntza, bilketa, kontserbazioa eta zabalkundearekin jarraitzeko.

Uraren Euskal Agentziarekin hitzarmena egitea ere adostu zuten, uraren hiri-zikloaren digitalizazioa hobetzeko proiektua gauzatzeko. 16.239 euroko inbertsioa egingo du Udalak eta Uraren Euskal Agentziak beste 59.736 € jarriko ditu. Uraren kudeaketa hobetzea lortuko dute horrela: hornidura-sistemaren digitalizazioak erauzitako emariak denbora errealean monitorizatzeko aukera ematen du, eta horrek aukera ematen duelako ur-masak babestuz jarduteko eta gerora gerta daitezkeen arazoak prebenitzeko. Gainera, sentsoreek eta kudeaketa adimenduneko sistemek hornidura-sisteman ihesak, galerak eta hondakinak identifikatzen lagunduko dute, ur-kontsumoa optimizatuz.

2023 urteko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman zuen alkateak. Oreka ekonomikoari eustea lortu zuen Udalak, ez baitzuen aurreikusitakoa baino gehiago gastatu eta gai izan baitzen diru-laguntza gehigarriak lortzeko. Honi esker, 2024an proiektu ezberdinetara bideratzeko 4.907.027,63 euroko gerakina izan du. Besteak beste, jasangarritasun energetikorako proiektuetarako, kultur eragileek antolatzen dituzten ekintzak diruz laguntzeko, Rafael Pikabea Hiribidea berritzeko edota Altzibarko frontoia egiteko erabiliko dute kopuru hau.

Martxoko protokolo gastuak 1.406,82 € izan dira, jardunaldi, inprenta, aurkezpen eta luntxetan.

Gehigarriak

Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloa onartu du Udalak