Ahalik eta hondakin gutxien sortu eta sortutakoa birziklatzeko gomendioak emango ditu.
Etxeetan sortzen diren biohondakinak etxean bertan konpostatzea da herritarren aukeretako bat. Horretarako baliabideak eta laguntza eskaintzen du Oiartzungo Udalak, eta asko dira euren hondakin organikoa etxean konpostatu eta erabiltzen duten oiartzuarrak. Gaur egun 545 familiak egiten dute konposta Oiartzunen, 500ek etxean eta 45ek auzoetan dauden etxoletan.
Etxez-etxe konposta nola egiten den ikuskatzen hasiko da Udala. Herritarren zalantzak argitu, konposta egiteko ohiturak hobetzen lagundu eta herritarrak ahalik eta gehien hezten jardungo du.
Besteak beste, ahalik eta hondakin gutxien sortzea da Udalaren helburua, eta hondakinak sortzen direnean, ahalik eta gehien birziklatzea. Horretarako, zerbitzua hobetu eta herritarrei birziklatzeko aukerak errazten jarraitu nahi du.
Hainbat abantaila
Etxeko konposta eginez elikadura-hondar guztiak birzikla ditzakegu, baita inausketako eta lorategiko hondakinak ere. Horrela, etxeko konpostari esker, familia batek sortzen dituen hondakinen %40-50 gutxitzen da. Gainera, materia organikoa autokudeatzeak hondakinen tasan %20ko hobaria du, materia organikoa sortzen den lekuan bertan kudeatzeak, garraioa eta kudeaketa kostuak ekiditen baititu.
Etxean lurzatia ez duten herritarrek auzokonposta egiteko nahia izango balute, udalari jakinaraztea gomendatzen da. Horregatik, onura hauek guztiak aprobetxatu eta konposta egitera animatu ditu oiartzuarrak. Interesa duen edonork Hirigintza eta Ingurumen eraikinean eskatu dezake informazio gehiago.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika