Altzibarko etxebizitza tasatuetan izena emateko epea ireki dute

Udaletxean edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu daitezke eskaerak, apirilaren 15a bitarte.

Zabalik dago Altzibarko etxebizitza tasatuetan izena emateko epea. Agerrealde eta Aduriz artean egingo dituzten 12 etxebizitza tasatuen zozketan sartu nahi dutenek apirilaren 15era arte izango dute eskaerak aurkezteko epea.

Bete beharreko dokumentua udaletxean edo webgunean eskura daiteke (‘Tramiteak’ saileko ‘Eskaera orriak’ atalean).

Udaletxeko harreran aurkeztu daitezke eskaerak (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:30era) edo erregistro elektroniko bidez. Kasu gehienetan, eskaera orriaz gain ez da beste dokumenturik aurkeztu beharko, udalak egingo baititu sektore publikoko entitateekin beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak (eskatzaileak kontrakorik adierazten ez badu).

Bete beharreko baldintzak

Bi logelako 5 etxe (70 m2 ingurukoak), hiru gelako 6 (87 m2-koak) eta izaera iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako bat izango dira. Garajea eta trastelekua izango dute denek. Baldintza ezberdinak bete beharko dira etxebizitza esleitzeko:

  • Adina: Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea.
  • Errolda: 2024ko urtarrilaren 1etik Oiartzunen erroldatuta egotea, azken hamabost urteetan bost urtez erroldatuta egon izana edo azken hamar urteetan herrian etenik gabe lan egin izana. Errolda baldintza betetzen dutenek lehentasuna izango dute lan baldintza betetzen dutenekiko. Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei ez zaie erroldatuta egotea eskatuko.
  • Baldintza ekonomikoak: Bizikidetza-unitateak 15.000 euro eta 50.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak (ponderatuak) izatea.
  • Ondarea: Etxebizitzarik ez izatea (salbuespenak egongo dira, etxebizitza edukita ere bizikidetza-unitatearen beharretarako egokia ez izatea edo banaketa kasuetan, besteak beste).

Informazio gehiago nahi dutenek udaletxera dei dezakete: 943 490 142.