Oiartzuar zaurgarrienak babesteko 175.000 €

Zuzeneko laguntzez gain, zerga eta tasen ordainketan hobariak izango dituzte pertsona kalteberenek.

Egoera ekonomia larrian dauden Oiartzungo norbanako eta familiak laguntzeko 175.000 euro bideratuko ditu Udalak 2024an. Premiazko egoerei erantzuteko diru-partida gorde du, oiartzuar zaurgarrienak babesteko.

Gizarte babesa indartu, guztiontzako oinarrizko bizi-baldintzak bermatu eta herritar denek premia nagusietarako baliabideak izatea ziurtatu nahi du Udalak laguntza hauekin. Besteak beste, elikadura, elektrizitatea, ura, berokuntza, arropa, garraioa, alokairua, hezkuntza edo mendeko pertsonen zaintzak eragiten dituen gastuak ordaintzeko egingo ditu ekarpenak.

Babesgabe gera daitezkeen egoerek lehentasun berezia izango dute: adingabeek, mendekotasun egoeran dauden herritarrek, genero indarkeriaren biktimek, etxerik gabekoek edota guraso bakarreko familiek. Laguntza puntualak edo epe bati lotutakoak izan daitezke. Gainera, zailtasunak eta babesgabetasun arrisku egoeran dauden adingabekoak eta haien familientzako 30.000 euro gorde ditu.

Urte guztian zehar egongo da irekita eskaerak aurkezteko epea.

Zerga eta tasen ordainketan salbuespenak

Zuzeneko dirulaguntzez gain, udal tasa ezberdinetan hobariak ere aurreikusi dituzte egoera ekonomiko zailean dauden oiartzuarrentzat. Onuradunek ez dute 2024ko hondakinen eta ur eta estolderiaren tasa ordaindu beharko. Otsailaren 28a izango da salbuespen hauek eskatzeko azken eguna.

Argazkia: boryanam/Freepik

Gehigarriak

Oiartzuar zaurgarrienak babesteko 175.000 €