Emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzu berria azalduko dute ostegunean

Altzibarko eskoletan egingo dute aurkezpen hitzaldia.

Emakumeentzako martxan jarri duen doako aholkularitza juridiko zerbitzua aurkeztuko du Oiartzungo Udalak otsailaren 15ean. Martxotik aurrera, arlo juridikoan aholkularitza eta orientabidea ematen hasiko da, genero ikuspegia aintzat hartuta, diskriminazio, babesgabetasun edota indarkeria egoerak pairatu ditzaketen emakumeei laguntzeko. Emakumeek dituzten eskubideak ezagutu eta horiek bete daitezen eskura dituzten tresnen inguruko informazioa aurrez aurre, modu pertsonalizatu eta seguruan jasotzeko doako zerbitzua izango da. Irule abokatu taldeak emango du.

Aholkularitza juridikoaren bidez emakumeen autonomia eta ahalduntzea sustatzea da zerbitzu honen helburua, erabakiak hartu eta irtenbideak bilatzeko prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten.

Zerbitzuaren xehetasun guztiak ostegunean azalduko ditu Macarena Mugika Iruleko abokatuak, Altzibarko eskola zaharretako beheko solairuan (Agerrealde Etxadia 7) egingo duten aurkezpen hitzaldian. 18:00etan izango da.

Gehigarriak

Emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzu berria azalduko dute ostegunean