Euskal Herria plazako aparkalekuko denbora kamera bidez neurtuko da aurrerantzean

Ordu eta erdiz utzi daiteke ibilgailua bertan, plazako establezimendu eta zerbitzuen erabilera sustatzeko.

Herritarrek Doneztebe plazako zerbitzu eta dendetatik gertu ibilgailua uzteko tokia eta denbora nahikoa izatea da Euskal Herria plazako doako aparkalekuaren helburua. Horregatik, gehienez ere ordu eta erdiz utzi daitezke autoak eta motoak bertan, hauen errotazioa sustatzeko.

Denbora mugaren jarraipena kamerekin egingo dute martxoaren 1etik aurrera. Sartu eta ateratzen diren ibilgailuen matrikulak irakurriko ditu aparkalekuko sarreran jarri duten sistemak.

Ohiko txandaketa ordutegia mantenduko da: astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 8:00etatik 13:30era. Tarte horietan 90 minutu baino gehiago pasatzen duten ibilgailuei isuna jarriko zaie (etxera iritsiko da aurrerantzean).

Automobilak denbora luzeagoz uzteko beharra dutenentzat, kaleko aparkalekuez gain, plazatik gertu doako beste bi aparkaleku estali ere badaudela gogorarazi du Udalak: Landetxen sei orduz utzi daiteke autoa eta Beheko plazakoan hiru orduz, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:30era. Arratsalde eta asteburuetan ez dute mugarik.

Anbulatoriokoa, osasun zerbitzura joateko

Ordu eta erdiko muga du anbulatorioko aparkalekuak ere. Dena den, espazio honen erabilera osasun zentrora joateko beharra duten herritarrentzat lehenestea eskatu du Udalak. Plaza kopuru gutxi du parkin honek, eta horregatik, gaixo edo mugitzeko zailtasunak dituztenentzat gorde nahi dituzte, anbulatoriora joatea errazteko. “Mesedez eskatzen diegu osasun zerbitzura joan behar ez dutenei autoa beste aparkalekuetan uzteko eta anbulatoriokoa bertako erabiltzaileentzat libre uzteko”.

Gehigarriak

Euskal Herria plazako aparkalekuko denbora kamera bidez neurtuko da aurrerantzean