2024ko tasetan hobariak eskatzeko epea irekita dagoela gogorarazi du Udalak

Otsailaren 28a bitarte egongo da zabalik.

Egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrak babesteko hainbat laguntza eta hobari jartzen ditu martxan urteko Oiartzungo Udalak. Tartean, hondakinen eta ur eta estolderiaren tasen ordainketan salbuespena eskatzeko aukera. Urtarrilaren 2an ireki zuten hobari honen eskabideak aurkezteko epea eta bi hilabetez egongo da irekita, otsailaren 28a bitarte.

Onuradunek ez dute 2024ko hondakinen eta ur eta estolderiaren tasa ordaindu beharko. Lau dira bete beharreko baldintzak: Oiartzunen erroldatuta egotea; zehaztutako diru-sarrera kopurua (bizikidetza unitateko pertsona kopuruaren eta Langile Arteko Gutxieneko Soldataren arabera zehaztu dute) eta ondare maila ez gainditzea; bigarren etxebizitzarik ez izatea eta Udalarekin zorrik ez izatea edo ordainketa plana onartuta eta egunean edukitzea.

95 onuradun iaz

Eskaerak udaleko arreta bulegoan edo egoitza elektronikoaren bitartez egin daitezke. Informazio guztia Udalaren webguneko iragarki taulan kontsultatu daiteke (www.oiartzun.eus).

Dagoeneko 62 eskaera jaso dira aurten. Oiartzungo 95 bizikidetza unitatek jaso zuten hobaria 2023an. Iazko onuradunek aurten ere baldintzak betetzen badituzte eskaera berriz egin behar dutela gogorarazi du Udalak.

Gehigarriak

2024ko tasetan hobariak eskatzeko epea irekita dagoela gogorarazi du Udalak