Kiroldegiko elektrizitatea %100 berriztagarria izango da aurrerantzean

Trantsizio energetikoaren bidean pauso garrantzitsua eman du Udalak.

Berriztagarria izango da hemendik aurrera Elorsoro kiroldegian, Madalensoron eta Udako igerilekuan erabiliko den elektrizitate guztia. Kontsumo arduratsua sustatu eta klima-aldaketaren aurka neurri zehatzak hartzen jarraitu nahi du Udalak.

Udalaren energia kontsumoaren zati handiena, %70, herritarrei zerbitzuak emateko dituen eraikin ezberdinetan erabiltzen da; %26 kale argiterian eta gainontzeko %4a udal ibilgailuetan. Eraikinen artean kiroldegia da gehien kontsumitzen duena, guztietan erabiltzen den energiaren ia erdia, hain zuzen ere. Elorsoro eta beste kirol instalakuntzak jasangarriagoak izan daitezen, elektrizitatea hornitzeko kontratuan berrikuntzak sartu ditu Udalak, erabiltzen den elektrizitate guztia berriztagarria izan dadin.

Energia eta klima planean jasotako neurria

Herri jasangarriagoa eta arduratsuagoa izateko Klima eta Energia plana aurkeztu zuen 2023 amaieran Udalak. Energia burujabetzan aurrerapausoak eman eta klima larrialdiari aurre egiteko proposamenak jaso dituzte bertan. 2030erako berotegi efektuko gas isurketak %40 murriztea lortu nahi du eta udal instalazioetako kontsumo elektriko eta termikoaren %32 inguruan sortua eta berriztagarria izatea.

Jasangarria eta arduratsua lortzeko herritarrekin elkarlanean burutzeko 64 ekintza aurreikusi dituzte, 4 ardatzetan banatuta. Tartean, energia eraginkortasuna bultzatu eta berriztagarrien erabilpena sustatzea eta energia trantsizioan udal eredugarria izatea. Elorsoro, Madalensoro eta Udako igerilekuan erabiltzen den elektrizitatea guztiz berriztagarria izanda Udala hasi da etxeko lanak egiten.

Kontratazio publikoa, herri biziagorako tresna

Elorsoro, Madalensoro eta Udako igerilekuan kontsumo elektrikoa  611.000 kWh-koa izaten da urtero. Instalakuntza hauetako elektrizitate hornidura kontratatzeko prozesu berria egin du Udalak eta %100 iturri berriztagarrietatik sortua izateko baldintza jarri du. Goiener kooperatiba izango da hornitzailea eta elektrizitate kontsumoa gutxitzeko aholkularitza teknikoa ere eskainiko du enpresak.

Kontratazio publikoa, “herri eta jendarte justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko tresna baliagarria” izan daitekeela adierazi du Ibon Mitxelena ekonomia sozialerako zinegotziak eta “ingurumen- eta energia-politikan eragiteko” baliatu nahi izan dute aukera. “Kontratazio publikoa ez da ondasunak eta zerbitzuak lortzera mugatzen; balio etikoak, sozialak eta ingurumenekoak sustatzeko ere egokia da. Aldaketarako eta gizarte hobea eraikitzeko tresna eraginkorra izan daiteke, eta hori da kontratu berri honekin lortu nahi duguna”.

Energia berdeena, kontsumitzen ez dena

Berriztagarria izango da aurrerantzean eraikin hauetan erabiliko den elektrizitatea baina erabiltzen ez den energia baino energia berdeagorik ez dago. Bide horretan pauso berriak aurreikusi ditu gobernu taldeak. Kiroldegiko energia kontsumoa zehatz-mehatz aztertzeko sektorizazio proiektua martxan dute. Energia zertan eta zenbat erabiltzen den jakingo dutela azaldu du zinegotziak. “Zerbitzu bakoitzak zenbat kontsumitzen duen jakingo dugu; zenbat argiterian, zenbat termetako ura berotzen, zenbat aldageletan, igerilekuan… Horrela erabilera efizienteagorako eta kontsumoa gutxitzeko neurriak hartzeko aukera izango dugu”.

Kiroldegiko teilatuan 150 kW-ko eguzki plaka fotovoltaikoen instalakuntza ere egingo dute 2024an, Elorsoron erabiliko den energia elektrikoaren zati handi bat “tokian bertan eta modu berriztagarrian sortzeko. Azken finean, burujabetza energetikoan aurrera pausuak emateko”.

Gehigarriak

Kiroldegiko elektrizitatea %100 berriztagarria izango da aurrerantzean