“Eskultura hau izan dadila oiartzuar poeta handiarekiko herri honek duen miresmenaren adierazle”.
Hamarnaka oiartzuarrek hartu dute parte asteburuan Xabier Lete oroitzeko antolatutako hitzorduetan. Atzo izan zen ekitaldi nagusia eta Landetxe kultur aretoa mukuru bete zen Leteren 10. heriotza urteurren ospakizunerako Joxan Goikoetxeak idatzitako “Hesia urraturik” oratorio sinfoniko-koralaz gozatzeko.
Aurretik Landetxen duela hilabete batzuk jarritako ‘Lete’ eskultura inauguratu zuten Joana Mendiburu alkateak, Iosune Cousillas kultura zinegotzi ohiak, Arantxa Lete arrebak eta Eneko Salaberriak, obraren egileak.
Atzoko eguna “Xabier Lete gugan iltzatuta daukagun herritarren artean bere eskultura ezagutarazteko” baliatu nahi izan zutela adierazi zuen alkateak. “Ondo dakizue hementxe bertan zegoela Xabier Leteren sortetxea, bere sendiaren baserria, eta gustatuko litzaiguke eskultura hau izatea oiartzuar poeta handiarekiko herri honek duen miresmenaren adierazle”. Bere sortetxearen eta hain emankorra eta aberatsa izan zuen kultur sormenaren ondoan kokatu nahi izan dute Xabier Lete.
Cousillas eta Salaberriari eskerrak eman zizkien Mendiburuk, herritarrentzat eta Udalarentzat hain garrantzitsua den eskultura errealitate bihurtzeko egindako lanagatik eta artistaren letrak izan zituen gogoan Mendiburuk. “Letek sinesten zuen hauts bihurtuko zela, hartuko zuen lur horretatik landare berriak sortuko zirela, landareetatik zuhaitzak eta zuhaitzetatik loreak, loreetatik fruituak eta fruituetatik gizonak eta abereak bazkatuko zirela. Edan dugu eta edango oraino Xabier Letek utzitako ondaretik. Eta biziko dugu berriz gure oroitzapenetan eta bere abestietan. Eta itzularaziko dugu bere sortetxera, Oiartzungo kulturaren etxera”.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika