Urtarrilaren 31 bitarte aurkeztu daitezke eskaerak.
75.000 euroko gorde ditu Udalak 2024an Oiartzunen kultur ekitaldiak antolatu nahi dituzten eragileen ekintzak diruz laguntzeko. %73 handitu du diru partida hau (43.250 € banatu zituen 2023an), Oiartzun herri kulturzalea izan dadin sustatzen segi eta eskaintza indartzeko.
Jexux Olaziregi Kultur zinegotziak azaldu duenez, urtetik urtera handituz doa herriko eragile ezberdinek kultur ekintza eta ekitaldiak antolatzeko egiten dituzten proposamenak, “Oiartzun herri bizia eta sortzailea den seinale”. Horren barruan sartzen dira urtean zehar antolatzen diren kontzertuak, erakusketak, antzezlanak, jaialdiak, hitzaldiak eta beste hamarnaka ekimen. Hitzordu hauek “parte-hartze komunitarioa, sormena, arte-adierazpena eta oiartzuarron ongizatea sustatzeko ezinbestekoak” direla azpimarratu du. “Komunitate gisa dugun identitatearen funtsezko zutabea da kultura”. Horregatik erabaki dute 2024an ekitaldi horiek diruz laguntzeko Udalak egingo duen ekarpena “nabarmen” indartzea, “kultur eskaintza handitzen jarraitu, kultur-sarea indartu eta eragileek oiartzuarrentzat antolatu nahi dituzte ekintzei bide emateko”.
Eskaerak aurkezteko epea zabalik
2024an zehar Oiartzunen kultur ekitaldiak antolatzeko dirulaguntza eskatu nahi dutenek urtarrilaren 31 bitarte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzaileek egindako proposamenaren arabera erabakiko dute eta hainbat irizpide izango dituzte kontuan, proposamenaren kalitatea, ikusle edo parte-hartzaile kopurua, emakumeen parte-hartzea sustatzeko aurreikusitako ekimenak edota bazterkeria arriskuan dauden kolektiboak erakartzeko egindako ahalegina, besteak beste.
Udaleko erregistro orokorrean edo egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira eskaerak. Deialdiaren oinarriak udaleko web orrian daude eskuragarri (www.oiartzun.eus), Iragarki Taulako Dirulaguntzak atalean.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika