Xabier Lete gogoan, bere jaiotzaren 80. urteurrenean

Asteburu honetan herriak leku egingo dio artista oiartzuarraren ibilbideari.

Landetxen jaio zen Xabier Lete Bergaretxe 1944. urtean, egun kultur areto berria dagoen tokian. Eraikin berria eta plazako itxuraldaketa bukatuta, pasa den urteko ekainean Oiartzungo Udalak ‘Lete’ eskultura jarri zuen kultur aretoko sarrera nagusiaren alboan.

Asteburu honetan herriak leku egingo dio Xabier Leteren ibilbideari. Ostiral arratsaldean, eta larunbat eta igande goizean Leteri buruzko bi bideo-elkarrizketa egongo dira ikusgai Oiartzungo Udal Pleno aretoan, etenik gabe: Xabier Leteren haurtzaroa eta bizitza Arantxa Lete arrebak kontatua eta Leteren lan artistikoari buruzko solasaldia Joxe Angel Irigarai poetarekin. Bideoak ikusgai egongo dira, ostiralean 17:00-20:00 bitarte eta asteburuan 10:00-13:00 bitarte. Proiekzioek iraun bitartean, ikusleak nahi bezala ibiliko dira sartu irtenean.

Igandean berriz, herritarrek bi hitzordu izango dituzte. 18:30ean Landetxeko sarrera nagusian ‘Lete’ eskultura inauguratuko da eta, jarraian, “Hesia urraturik” emanaldia, Leteren 10. heriotza urteurren ospakizunerako, Joxan Goikoetxeak idatzitako oratorio sinfoniko-korala Landetxeko kulturgunean.

Oiartzungo Udalak asteburu honen bidez Xabier Leteren jaiotzaren 80. urteurrena ekarri nahi du gogora eta herritarrengana hurbildu nahi du herriko idazle, poeta eta kantari estimatuak euskal kulturan utzitako aztarna.

Gehigarriak

Xabier Lete gogoan, bere jaiotzaren 80. urteurrenean