Elkarlanean osatutako 2024rako aurrekontua EH Bilduren aldeko botoekin onartu dute

Labore Oarso tokiko onura publikokoa entitate izendatu dute.

Hurrengo urteko udal aurrekontuak onartu zituzten abenduko ohiko udalbatzarrean. 21.267.244 euro izango ditu Udalak 2024an kalitatezko zerbitzuak eskaini eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko proiektu eta egitasmoetarako.

EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin atera ziren aurrera. Oihana Irastorza Ogasun zinegotziak Oiartzungo erronka estrategikoei erantzuteko aurrekontu “orekatua eta gardena” osatu dutela adierazi zuen. Bereziki nabarmendu zuen aurrekontuan osatzeko ekainetik egindako prozesu parte-hartzailea. “Sailez sail teknikari eta zinegotziek osatutako proposamena gardentasunez partekatu dugu oiartzuarrekin, herriko eragileekin eta oposizioarekin”. Herritarrak zoriondu zituen hilabete hauetan zehar egindako lanketagatik, “denen ekarpenekin borobildu baitugu oiartzuarren eta herriaren beharrak erdigunean dituen aurrekontua”. Herri berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna lortzea izango dute helburu.

Aurrekontuen kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk. Janire Mitxelena taldeko bozeramaileak azaldu zuenez, “partida batzuekin ados gauden arren, ikerketa soziologikoarenarekin adibidez, beste batzuekin ez gaudelako”. Horietako batzuk aipatu zituen: bizikidetzaren partida murriztea, fatxada garbiketen partida txikiegia, “baina bereziki, zaborraren gestio defizitarioagatik”. 2024eko aurrekontuak, aurreko legealdiarekin alderatuta “jarraitzaileak” iruditzen zaizkielako eta kudeaketa “berritzaileagoa” lortu beharko litzatekeelako kontra bozkatuko zutela adierazi zuen.

Irastorzak urritik oposizioari aurrekontuak aurkeztu, partida guztiak “zehatz mehatz” azaldu eta beraien proposamenak jasotzeko “hainbatetan” bildu direla gogorarazi zion eta bilera horietan “adostasuna” izan zela nagusi. Atez ateko hondakin bilketa sistema “inbertsio” bezala ulertzen dutela ere gaineratu zuen: “zuentzat gastua dena guretzat inbertsio bat da, gaikako bilketa portzentaje handiena sistema delako eta Europako helburuak lortzeko eta Zero Zabor helburuarekin bat egiteko ezinbestekoa delako”

Labore Oarso, onura publikoko entitate

Herriko garapena bultzatzeko egiten duen lanagatik Labore Oarso Kontsumo Elkartea tokiko onura publikoko entitate izendatu zuten, hau ere EH Bilduko zinegotzien botoekin. Kontsumo kultura berria sortzeko lanean dabil elkartea 2016an sortu zenetik. Oiartzungo udalerrian lehen sektoreari bultzada emateaz gain, bertako produktu osasuntsuen aldeko apustua egiten du elkarteak, zero kilometro filosofiari jarraiki ekonomia lokala suspertu eta ingurumenean dugun inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin saiatuz.

Ibon Mitxelena Ekonomia sozialerako zinegotziak gobernu taldearen aldeko botoaren zergatia azaldu zuen. Gogorarazi zuenez, 1.000 bazkidetik gora ditu irabazi asmorik gabeko elkarteak. “BBertako ekoizleak laguntzeko ezinbestekoa da Labore. Arraztalo, Elika eta herriko ebste 25 nekazari txikik bertan sartzen dituzte beraien produktuak. Herriko ekoizleei 330.000 erosi dizkiete azken bost urteetan. Herriko ikastetxeetako jangelak eraldatzea sustatzeko proiektua martxan dute, herri burujabea izateko lan egiten dute, inklusiorako arazoak dituzten pertsonak lan egin dezaten programak bultzatzen dituzte, egungo kontsumo eredua iraultzeko… Behar-beharrezkoa iruditzen zaigu Labore bezalako proiektu bat herrian eta zorionekoak ginateke Labore gehiago baleude”.

Abstenitu egin ziren zinegotzi jeltzaleak. 0 km eta abarreko ekimen alde gaude.  Labore proiektua pixka bat gainetik begiratuta zilegia da eta bertako baloreak ongi daudela ematen du, baina tokiko onura publiko bihurtzeak zein abantailak dituen zalantzak sortzen dizkigunez abstenitu egingo gara”.

Gainontzeko gaiak, aho batez

Urteko azken udalbatzarrean landutako gainontzeko gaiak aho batez onartu zituzten. Bazterkeria arriskuan edo egoera ekonomiko zailean dauden oiartzuarrak diruz laguntzera 115.000 € bideratuko dituzte 2024an.

2022-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatu eta zenbait eragilek jasotzen dituzten kopuruak ere handituko dituzte: 35.000 € jasoko ditu Kattin Txikik, egitasmo berriak jarri nahi baitituzte martxan (trabajadoreen barrakoien inaugurazio-ekitaldia, memoria historikoaren ibilbideak herritik zehar QR informatiboak dituzten lekuekin, Iragorriko kanposantuan txukunketa lanak egin eta komiki bat argitaratu, besteak beste). Lartaun Abesbatzak jasotzen duen kopurua %50 handituko dute eta 6.000€ emango dizkiote eta 2024an Oiartzunen kultur ekitaldiak diruz laguntzeko programa ere indartu dute, 43.000 eurotik 75.000 eurora.

Abenduko protokolo eta ordezkaritzari gastuak 164,59 € izan dira.

Gehigarriak

Elkarlanean osatutako 2024rako aurrekontua EH Bilduren aldeko botoekin onartu dute