Herri jasangarriagoa eta arduratsuagoa izateko Klima eta Energia plana aurkeztu du Udalak

Klima aldaketari elkarlanean erantzuteko eta egokitzeko gai den herria lortu nahi dute.

Berotegi Efektuko Gasak dira klima-aldaketaren erantzule nagusiak. Gaur egun bizitzeko dugun moduaren eta eguneroko praktika eta ohituren ondorioz geroz eta CO2 tona gehiago isurtzen ditugu atmosferara. 85.676 tona CO2 baliokide igorri zituen Oiartzunek 2019an, 2010ean baino 3.000 gehiago. Joena hau mantenduko bagenu, 2030ean 90.000 CO2 tonatik gora isuriko lirateke herrian.

Azken 40 urteetan 1,2º igo da Oiartzungo batez besteko tenperatura eta prezipitazio kopuruan behera egin du (eguneko metro koadroko 5,5 litrotik 4,6ra). Bizi eta kontsumo ohiturak mantendu eta neurririk hartuko ez bagenu mende amaierarako 4,5º igoko litzateke tenperatura. Bero boladak, lehorteak eta gau tropikala ere ugaritu egingo lirateke. Urtean 22,2 euri egun gutxiago izango genituzke eta prezipitazio oso handiko egun gehiago eta uholde arrisku handiagoa izango genuke.

Mugikortasun-ereduan aldaketa sakonak bultzatzea eta energia-trantsizioan eta elikadura burujabetzan pauso sendoak ematea ezinbestekoa dugu ondorio hauek gutxitzeko. Oiartzungo Udala ari da klima-aldaketaren aurka lanean eta Klima eta Energia Plana egin du. Pasa den astean aurkeztu zuen.

Autoek eta beste garraiobide kutsakorrek sortzen dute CO2 gehien

2030. urterako energia eta kliman herri bezala lortu beharreko erronkak zehaztu eta horretarako martxan jartzeko ekintzak jaso dituzte. Abiapuntua ezagutzeko Oiartzungo egoeraren diagnosia egin zuten lehenengo.

%13 igo da herriko energia kontsumoa 2010etik eta udalerriak sortutako gasak %3 handitu dira. Sektorez sektore egin dute azterketa eta berotegi efektuko gasen isurketaren erantzule nagusia mugitzen garen modua dela ikusi dute. Garraiobide kutsakorrak eta bereziki autoak erabiltzeagatik 53.000 tona CO2 isurtzen ditugu urtean Oiartzunen, kopuru osoaren %61. Emisioen %16 zerbitzuen sektoreak sortzen du, etxebizitzetako gas eta elektrizitate kontsumoak %9, industriak %6 eta lehen sektoreak %5.

4 ardatzeko elkarlanerako plana

Energia burujabetzan aurrerapausoak eman eta klima larrialdiari aurre egiteko proposamenak jaso dituzte planean. 2030erako berotegi efektuko gas isurketak %40 murriztea sortzen den hondakin kopurua %15 jaistea lortu nahi dute, besteak beste.

4 ardatz estrategikotan banatu dituzte herri jasangarria eta arduratsua lortzeko 64 ekintzak: Oiartzungo sektore ezberdinetan energia eraginkortasuna bultzatu eta berriztagarrien erabilpena sustatu; klima-aldaketa arintzen laguntzen duen herria lortu; klima-aldaketaren inpaktuen jarraipetan egiten duen eta beharrezko konpromiso klimatikoa erakusten duen herri erresilientea erdietsi; eta energia trantsizioan udal eredugarria izan. Hemen ikusi daitezke proiektu eta ekimen denak.

Diagnostikoa egin eta ekintza proposamenak jasotzeko herriko hainbat eragile eta bizilagunekin elkartu da Udala eta bidea elkarlanean egiten jarraitu nahi du, herritar guztion artean egingo baitiegu aurre klima aldaketak jartzen dizkigun erronkei.

Gehigarriak

Herri jasangarriagoa eta arduratsuagoa izateko Klima eta Energia plana aurkeztu du Udalak