Herriko lehen sektoreko ustiategietarako doako ordezkapen zerbitzua jarri du martxan Udalak

Nekazaritza eta abeltzaintza proiektuak lagundu eta berriak sustatu nahi dituzte.

Herriko lehen sektorea babestu eta indartzeko zerbitzu aitzindari berria jarri du abian Oiartzungo Udalak. Baserri lanetan trebatutako langile bat kontratatu du Behemendi Landa Garapen Elkartearen bidez, abendutik aurrera nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietarako doako ordezkapen zerbitzua eskaintzeko. Laguntza behar duten herriko ustiategietara joango da, hainbat egunez bertako eginkizunak egitera.

Lehen sektorea indartzeko proiektua

Lehen sektorean lanean aritzen direnek nekez izaten dute deskantsurako aukera. Igandea, astelehena edo ostirala izan uda zein negu, egunero-egunero zaindu behar izaten dituzte ganadua, baratza, soroa eta larreak. Lotura estu honen ondorioz ez da erraza izaten opor egunez gozatu edo gaixotutakoan osatzeko tartea hartzea.

Udalaren ekimen berriarekin lan-karga ahal den neurrian arindu eta ustiategietan laguntza emango dien pertsona bat izango dute nekazari eta abeltzainek aurrerantzean.

Ibon Mitxelena Ekonomia sozialerako zinegotziak adierazi duenez, “lehen sektorean martxan dauden proiektuak zein sektore honetara hurbiltzeko gogoz leudekeen ekoizle berriak laguntzeko helburuarekin” jarri dute martxan proiektua. “Hemen kontsumitzen ditugun elikagaiak bertan sortzeko, burujabe izateko, ezinbestekoa da sektorearen iraunkortasuna, bai dauden ustiategiak mantenduz zein berriak sortuz, eta horretarako oinarrizkoa da lan egiteko baldintzak erakargarri izatea. Jakitun gara askotan sektore honek eskatzen duen dedikazioa muga izaten dela proiektu berriak martxan jartzerakoan, ez baita erraza izaten lana eta norberaren bizitza uztatzea. Horregatik, Udaletik egoera hau aldatzeko neurriak hartu nahi izan ditugu, sektoreak dituen erronka espezifikoei erantzun eta tokiko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien iraunkortasuna bermatzeko. Laburbilduz, sektorea eta langileak zaintzeko helburuarekin jaio da zerbitzua ”.

Oporrak, bajak edo lan handiko momentuetarako

Zerbitzu berriak lehen sektoreko 0,5 Nekazaritzako Lan Unitate baino gehiagoko ustiategietan (34 daude Oiartzunen) langileak aldi baterako ez egoteko irtenbide praktikoa eskainiko du. Doakoa izango da, Udalak bere gain hartuko baititu zerbitzuak sortutako gastuak.

Oporraldietarako, ospakizunengatik egun libreak hartzeko eta bajaren bat dagoenean ustiategiak martxan jarraitzeko eskatu ahal izango dute ordezkapena. Gainera eskulan gehigarria behar dutenetan ere laguntza eskainiko du Behemendik kontratatutako langileak (kasu horretan ustiategiko titularrarekin elkarlanean aritzeko).

10 egun urtean

Ustiategi bakoitzak urtean hamar egunez izango du zerbitzua erabiltzeko aukera. Gaixotasun batek eragindako bajen kasuan kopurua luzatzeko aukera ere aztertuko dute.

Gehienez sei egunez jarraian eta egunean zortzi orduz eskainiko da zerbitzua. Zalantzaren bat edo informazio gehiago nahi izanez gero Behemendi elkartearekin jarri daiteke harremanetan (943 49 02 19).

Tokiko nekazarien presioa eta lan-karga arintzeaz gain, guztiontzat ingurune iraunkorragoa eta oparoagoa sortzen lagunduko du doako zerbitzu berriak.

Gehigarriak

Herriko lehen sektoreko ustiategietarako doako ordezkapen zerbitzua jarri du martxan Udalak