Abiadura Handiko Trenaren aurkako alegazioak aho batez onartu zituzten asteazkeneko udalbatzarrean.
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuari kontra egiteko udalak prestatu duen txosten berria izan zen azaroko ohiko udalbatzarreko gai nagusia. Joana Mendiburu alkateak azaldu zuenez, Udalak AHTn aditua den ingeniari talde bati enkargatutako estudio berriak “beste behin berretsi egiten du AHTren proiektua zentzugabekeria ekonomikoa eta ekologikoa” dela.
EH Bilduko eta EAJ-PNVko hautetsiek aho batez onartu zituzten AHTren aurkako alegazio berriak. Trenaren proiektua bertan behera uzteko eskatu zuten Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatian bideragarritasun juridiko, tekniko eta ekonomiko ezagatik.
20 urte baino gehiagoko borroka
2001ean hasi zuen Espainiako Sustapen Ministerioak (ADIFen bitartez) AHT Oiartzundik pasatzeko prozesua. Ordutik bi helegite eta hainbat alegazio aurkeztu izan ditu Abiadura Handiko Trenaren aurka. 2011an Donostiak bidaiarientzako tren geltokia edukitzea aurreikustearekin batera, merkantziak hiriburutik ez pasatzeko bigarren trazadura bat onartu zuten, Oiartzun zeharkatuaz. Hortaz, gaur egun mahai gainean dagoen proiektua merkantziak garraiatzeko trenbidea litzateke.
2020ko udaran aurkeztu zuen Oiartzungo Udalak AHTren aurkako azken alegazioa. Bertan azpiegitura horren aurkako erabateko desadostasuna azaltzen zen:
Proiektua bertan behera utz dezaten eskatzeko txosten berria
2020an aurkeztutako aurkako argumentuei erantzuna jaso berri du udalak. Oiartzungo Udalak ez du inolaz ere ontzat ematen jasotako erantzuna, besteak beste, ez delako benetako erantzunik ematen ezta azterketa sakonagorik aurkezten ere. Oiartzungo Udalari esan zaiona da hurrengo fasean baloratuko direla bere kezkak.
Gauzak horrela, Oiartzungo Udalak alegazio berri bat prestatu eta onartu zuen asteazkeneko udalbatzarrean. Desadostasun arrazoiak berresten ditu, eta gainera gehitzen du gaur egungo trenbidean inbertitzea izan daitekeela aukera bat, ekonomikoki bideragarriagoa delako, lurzoru-baliabideak aurreztuko liratekeelako eta ekonomia- eta ingurumen-arloko ziurgabetasunei aurre egitea saihestuko lukeelako. Izan ere, planteatzen den obra oso konplexua da eta zailtasunak aurreikusten dira.
Alegazioan eskatzen da ere estimatzeko zein izango liratekeen garraiatuko liratekeen merkantziak eta istripuren bat gertatuz gero zein arrisku izan dezaketen industriaguneetan eta herritarrengan.
Alegazioak aurkezteko azken aukera denez, ingeniari taldeak tokiko interesak aintzat hartuta egindako ibilbide berri bat ere erantsi da. Ibilbide horretan industria ez da kaltetzen, ingurumena gehiago babesten da eta etxebizitzetatik urruntzen da. Horregatik, udalerriko ekonomiari, ingurumenari eta paisaiari ahalik eta kalte gutxien egiteko trazadura alternatiboak aztertzeko eskatu zuten EH Bilduko eta EAJ-PNVko zinegotziek aho batez. “Proiektua bertan behera uztea eskatzen dugu bideragarritasunik ez duelako eta egingo badute, proposatu ditzatela kalteak minimizatzen dituzten alternatiba berriak, udala gai izan baita hilabeteko epean askoz kalte txikiagoa eragingo lukeen trazadura berri bat proposatzeko” gaineratu zuen alkateak.
1080 euroko gutxieneko pentsioa eskatu du Udalak
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako gutxieneko pentsioari buruzko mozioa ere izan zuten hizketagai udalbatzarrean. Duintasuneko Joxe Iriarte Bikila-k aurkeztu zuen kopuru minimoa 1080 eurotan zehazteko haien eskaera, “premia sozial urgentea eta justiziazkoa” delako. Gaur egun EAEn 167.718 pentsiodunek 1080 eurotik beherako diru-sarrerak dituztela azaldu zuen, emakumeak gehienak.
“Gaur egungo bizi-kostuaren hazkunde esponentzialaren ondorioz, pentsiodun askok ez dute oinarrizko beharrak asetzeko nahikoa diru-sarrera. Horregatik, beraien beharretara egokitutako etxebizitza, elikadura osasuntsua edo haien osasuna edota mendekotasuna artatzeko zerbitzuak eskuratzeko aukerarik ez dute”. Horregatik, bi eskaera egin zituzten: Espainiako Estatuari lehenengoa, 1080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezar dezan eta EAEko eta Nafarroako gobernuei bigarrena, Estatuak bere partea egin bitartean beraien eskumenak baliatu eta 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa 1080 eurora arte osa dezaten.
EH Bilduko zinegotzien botoekin onartu zen mozioa. EAJk kontra bozkatu zuen. “Gizarte Segurantza da egokitzapenak gauzatu behar dituena eta hori Estatuaren eskumena” dela esan zuen Janire Mitxelena taldeko bozeramaileak eta horregatik “mozio honen bidez ardura eta eskaera euskal instituzioetan ipintzea zertara datorren” galdetu zuen. Kotizatu ez dutenei 1080 euroko pentsioa ezartzea kotizatu dutenentzat bidezkoa izango al litzatekeen ere galdegin zuen.
Azaroko protokolo eta ordezkaritzari gastuak 743,49 € izan dira lore, eskela, jardunaldi eta luntxetan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika