Haurren partaidetzarako kanal iraunkorrak diseinatzeko proiektu pilotuan parte hartuko du Oiartzungo Udalak

Oinherrirekin eta herriko eragileekin elkarlanean egingo du.

Haurtzaroaren kulturatik birpentsatutako parte hartzea praktikara eramateko proiektu polituan hartuko du parte Udalak. Oiartzungo haurren parte hartzerako kanal iraunkorrak sortu nahi dituzte, haien garapen integralean sakontzen jarraitzeko, ahalduntzeko, subjektu moduan auto-antolatzen hasteko baldintzak sortzeko eta aniztasunari ahotsa emango dion parte hartzearen kultura berri bat sortzeko.

Oinherrik bultzatutako ekimena da. Proiektuaren diseinuan parte hartzera gonbidatu ditu Udalak herrian haurrekin lan egiten duten eragileak: ikastetxeak, hezkuntza ez-formaleko hezitzaileak eta guraso elkarteak. Animatzen direnekin, udal teknikariekin eta zinegotziekin osatuko dute haurren parte hartzea nola egituratu eta landu definituko duen talde motorra. Azarotik maiatzera egingo dituzten 7 saioetan zehaztuko dute, Oinherriko dinamizatzaileen laguntzarekin.

Esperientzia pilotu honetan hartuko dute parte Hernanik, Segurak eta Itziarrek ere.

Indarrak metatzeko ekimen garrantzitsua

Proiektu pilotua aurkezteko jardunaldia antolatu zuen Oinherrik urriaren 28an Oñatin. Garazi Urdampilleta alkateordeak parte hartu zuen aurkezpenean eta pilotajean parte hartzeko arrazoiak azaldu zituen. “Gaia oso interesgarria da eta Oiartzunen zerbait egiteko beharra somatzen genuen. Herrian mugimendu eta ekimen ezberdin asko dago eta hauek guztiak egituratu nahi ditugu”. “Indarrak metatu” nahi dituztela azaldu zuen, “eragin handiagoa” lortzeko.

Egitasmoan parte hartzeko gonbidapena “pozez eta irrikaz” hartu zutela gaineratu zuen eta hankak lurrean, poliki eta tentuz egingo dutela bidea. “Parte hartzea haurren kulturatik ulertzeko ekarpen handia egingo duela pentsatzen dut eta zeinek jakin, agian herriko parte hartzeko kultura ere aldatzeko gai izango gara”.

Oinherri, Euskal Herriko herri hezitzaileen sarea

Oinherri egitasmoa Euskal Herriko herri hezitzaileen sarea da. Aisialdi hezitzailea sustatzea du helburu, jolasaren eta sormenaren bidez. Komunitatearen parte-hartzea, kolektibotasuna eta euskara oinarri dituen aisialdi eredua aldarrikatzen du Oinherrik.

Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuen 2021ean Oinherrirekin, Oiartzun ere herri hezitzaileen sarera batzeko. Ordutik, Oinherriren filosofian lan egiteko prest dagoen lantaldea martxan da. Bertan parte hartzen dute Garazi Urdampilleta alkateordeak, Olaia Lasa Gizarte-Ongizate zinegotziak eta herriko guraso, irakasle eta hezitzaile batzuek. Bertan udal eta hezkuntza komunitateko ordezkariez gain, herriko norbanakoek ere topo egiten dute. Azken bi urteetan haurren jai batzordea antolatzen ibili dira.

Argazkia, Oñatin egin zuten aurkezpen jardunaldia.

Gehigarriak

Haurren partaidetzarako kanal iraunkorrak diseinatzeko proiektu pilotuan parte hartuko du Oiartzungo Udalak