Arditurrin egiten ari den mosaikoa herritarrekin batera borobildu nahi du Alaia Gaztelumendik

Hiru lantegi antolatu ditu azaroaren 19tik abenduaren 3ra.

Arditurrin eta meatzeetan lan egin duten emakume eta gizonen lan gogorra ikusarazi eta aitortzeko mural erraldoia sortzeko eskatu zion Udalak Alaia Gaztelumendi Alaiart artista oiartzuarrari. Meatzariek komunitateari egindako ekarpena eta eskualdearen garapenean izan duen garrantzi historikoa omentzeko egingo dute proiektua.

Meategian egiten ziren funtzio ezberdinak artearen bidez irudikatzen ari dira Arditurrin bertan. Jexux Olaziregi kultura zinegotziak adierazi duenez, "Arditurriko meatzariek eta haien familiek berebiziko garrantzia izan dute Oiartzungo historian. Utzi diguten ondarea handia da eta haien sakrifizioa eta lana horma-irudi batean islatu eta oroitu nahi izan dugu". Uztailean Arditurri Egunean aurkeztu zuen Alaiart-ek egin nahi zuen horma-irudia eta Oiartzungo haurrekin mosaikoa betetzeko harriak ere bildu zituzten. Ordutik murala osatzeko buru-belarri lanean dabil artista.

60 metro koadroko harri eta azulejuz egindako mosaikoa sortzen dabil eta oinarri nagusia bukatu du dagoeneko. Herritarrekin batera hasitako proiektua herritarrekin borobildu nahi du eta oiartzuar denek obran parte hartzeko hiru lantegi antolatu ditu Gaztelumendik. Hiru igande goizetan egingo ditu saioak, azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 3an, 10:30etik 12:30era Arditurrin (aterpean izango dira denak, beraz eguraldia ez da oztopo izango).

Izen ematea udaletxean

Obra hau sortzeko bere alea jarri nahi duen 12 urtetik gorako edozein oiartzuarrek hartu dezake parte lantegietan. Hamar lagunentzat tokia izango da egun bakoitzean eta udaletxean eman beharko da izena (943 49 01 42 telefonora deituta edo oiartzun@oiartzun.eus helbidera idatzita). Saioetara arropa zaharra eta lanerako eskularruak eramateko eskatu du sortzaileak.

Arditurriko meategiarekin lotura duten familiei gonbita berezia luzatu diete Udalak eta Gaztelumendik. “Bertan lanean ibili ziren meatzarien senideak ere sorkuntza-prozesu honen parte izatea nahiko genuke, guztion artean haien oroimena bizirik mantendu eta egin zuten lana ikusarazteko”.

Gehigarriak

Arditurrin egiten ari den mosaikoa herritarrekin batera borobildu nahi du Alaia Gaztelumendik