12 eta 17 urte arteko nerabeen aisirako topalekua irekiko du urriaren 26an Udalak

Ostegun, ostiral eta larunbatero egongo da zabalik.

Oiartzungo Udalak herriko gazteteentzako topalekua jarriko du martxan urriaren 26an. 12 eta 17 urte bitarteko nerabeek aisialdiaz gozatzeko gunea irekiko du Landetxen, balioak eta partehartze aktiboa sustatzeko.

Gazteei zuzendutako aisialdirako erreferentziazko espazio izango da, haien nortasuna eta autonomia garatzeko lekua. Ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldero egongo da irekita, 17:00etatik 21:00etara (ostiraletan 21:30era).

Aisialdi aktibo, partehartzaile, sortzaile eta osasungarria

Bakarrik edo koadrilan ongi pasatzeko, lasai egoteko, jende berria ezagutzeko, besteekin batera bizipenak partekatzeko, Landetxen bertan edo kalean haien intereseko ekintzak egiteko, zaletasun berriak praktikatzeko, elkarrizketarako, sorkuntzarako, hausnarketarako, kezkak elkarbanatzeko, egun-pasa edo asteburu-pasak prestatzeko… Denbora libreaz gozatzeko lekua, antolatutako zein antolatu gabeko ekintzetarako aukera zabala eskainiko du topalekuak.

Bi hezitzaile eta koordinatzaile bat izango ditu. Inklusioa, hezkidetza, genero-berdintasuna eta euskara izango dira zerbitzuaren balioak. Oiartzungo nerabeen beharrei erantzutea da egitasmoaren helburu nagusia; hezitzaileak bidelagun, dituzten nahiak, kezkak, beharrak eta interesak landu eta nerabe izatetik gazte izaterako trantsizioan funtsezkoak diren gaitasunak, balioak, bizitzarako trebeziak eta baliabide pertsonalak indartzeko.

Gazteek osatuko dute bertako programazioa

Tailerrak egiteko gela, ping-pongeko mahaia, wifia, mahai-jokoak eta pufetan lasai egoteko txokoa ditu topalekuak, besteak beste. Urriaren 26tik aurrera, nerabeekin joango dira espazioari eman nahi dioten erabilera zehazten eta bertan izan nahi dituzten txokoak eta baliabideak sortzen.

Nerabeek aktiboki parte hartuko dute zerbitzuan. Bertako programazioa nerabeekin batera osatuko dute hezitzaileek. Beren gustuak, nahiak era iritziak izango dira abiapuntua eta denbora librea autokudeatzeko tresnak eta aukerak eskainiko dizkiete. Haien aisialdiaz era partehartzailean gozatzeko.

Herriko nerabe guztientzat zabalik

Ekintza edo irteera batzuetarako izan ezik, topalekura joateko ez da aurrez izenik eman beharko. DBHn dauden oiartzuar denentzat egongo da irekita.

Zerbitzu honekin 0-17 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako eskaintza osatu nahi izan du Udalak, aisialdiaren bitartez bidelaguntza eman eta adin batetik besterako aldaketetarako eta bizitzarako tresnak lantzeko. 0-12 adin tarterako familien txokoa eta ludotekaz gain, 12 eta 14 urte dituztenentzat Kuadrillategi egitasmo arrakastatsua martxan du. Topalekuarekin DBH 1 eta 2. mailetako nerabeen aisialdi hezitzailerako aukera indartu eta 17 urte bitartekoentzat zabalduko du.

Argazkian, Ekain Susperregi Gazteria zinegotzia Udane Altuna eta Leire Agudo topalekuko hezitzaileekin.

Gehigarriak

12 eta 17 urte arteko nerabeen aisirako topalekua irekiko du urriaren 26an Udalak