KPIaren azpitik igoko dituzte udal zergak 2024ean ere

Datorren urteko zerga ordenantzari hasierako onarpena eman zioten atzoko udalbatzarrean.

2024 urteko udal tasak eta zergak inflazioaren azpitik igotzea adostu zuten iraileko ohiko udalbatzarrean, EH Bilduko 13 zinegotzien botoarekin. %2,6koa izan zen uztaileko KPI (Kontsumo Prezioen Indizea) eta aurreikuspenen arabera handiagoa izango da urte amaieran. Administrazioen tasak eta zergak KPI adina igotzea izaten da ohikoena, dirusarreren eta gastuen arteko oreka mantentzeko. Hala ere, azken urteetan egin izan duen moduan, %1,5 bakarrik eguneratuko ditu Oiartzungo Udalak zerga eta tasak 2024an (salbuespenak ere izango dira), “herritarren ekonomian ahalik eta gutxien eragiteko”.

Joana Mendiburu alkateak eman zituen argibideak. “Azken urteetan asko igo dira Udalaren gastuak eta eskaintzen dituen zerbitzuen kostuak. 2024ean ere %1,5 baino dezente gehiago igoko dira. Udalaren aldetik egundoko ahalegina egin da igoera hauek oiartzuarrengan ahalik eta eragin gutxien izateko, jakitun garelako herritarrek eroste ahalmena galdu dutela eta asko garestitu zaigulako bizitza denoi. Horregatik 2024ean ere zerbitzuen gastuen igoeraren zati handi bat bere gain hartzen jarraituko du Udalak eta %1,5 bakarrik igoko ditu zergak eta tasak, zerbitzu publiko duinak ematen jarraitzeko, herritarren egoera ekonomikoa kontuan hartuz”.

Zerga ordenantza proposamenaren aurka bozkatu zuten EAJko lau zinegotziek. Janire Mitxelena taldeko bozeramaileak adierazi zuenez, “ez gaude igoerarekin ados. Ulertzen dugu zerbitzuak ordaindu egin behar direla eta nahiz ez den gure filosofia permanentea, zerga eta petxak izozteko garaia da, herritarrei arnas pixka bat emateko”.

Mendiburu alkateak erantzun zion familiei eta oiartzuarrei laguntzeko dagoela Udala, baina ulertu behar dela oreka bat topatu behar dela laguntza horren eta Udalaren diru-kontuen artean. Igoera %1,5ekoa izateko proposamena berretsi zuen aurreko urteetan ere KPIaren azpitik igo direlako zergak eta zerbitzu publiko on bat bermatzeko.

Mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileek doan bidaiatzeko proposamena onartu dute

Aho batez onartu zituzten atzoko udalbatzan jorratutako gainontzeko gaiak. Mendekotasun egoeran dauden pertsonek garraio publikoa erabiltzerakoan laguntzailea behar dutenean, laguntzaile horren bidaia doakoa izatea adostu zuten zinegotziek. Gipuzkoako Garraio Agintaritza partzuergoko kide da Udala eta proposamen hau ontzat eman beharko dute gainontzeko kide guztiek.

Udal kirol instalazioak kudeatzeko zerbitzu-kontratuari hasierako onarpena eman zioten. Indarrean dagoen kontratua luzatzeko aukera badagoen arren, berria lizitatzea erabaki dute, azken urteetan egon diren aldaketetara egokitzeko; langileen hitzarmen sektorial berria jaso eta energiaren prezio igoerara moldatzeko, besteak beste.

Protokolo eta ordezkaritzari dagozkion gastuak 1.805,70 € izan ziren abuztuan (Xanistebanetako garaikur, inprenta, luntx eta oparietan) eta 19,66 € irailean (bidaietan).

Gehigarriak

KPIaren azpitik igoko dituzte udal zergak 2024ean ere