Elkar zaintzeko sarea josten hasi dira

Bakardade egoera ez hautatuan dauden oiartzuarrak laguntzeko auzozain bila dabiltza.

Duela urtebete jarri zuen martxan Udalak Zaintzadi proiektua, hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden Oiartzungo helduen bizi kalitatea hobetzeko, zaintza sare publiko-komunitarioaren bidez.

Erronka honi erantzuteko herrian ditugun baliabideen diagnosia egin dute hilabete hauetan. Zaintzaile naturalak diren Oiartzungo eragile eta elkarteekin bildu dira (Osakidetzarekin, herriko komertzioekin, 55 urtetik gorako gorakoekin hartu-emana duten zerbitzuekin, farmaziekin…), kontzientziazioa landu, denen artean bakardade ez hautatuan dauden pertsonak antzeman eta hauei Zaintzadi proiektuaren berri emateko.

Detekzio sarea martxan

Hilabete hauetako elkarlana hasi da fruituak ematen eta dagoeneko hogeitik gora dira bakardade egoera ez hautatuan dauden eta Zaintzadin parte hartu nahi dutela adierazi duten oiartzuarrak; 20 auzozaindu.

Denen beharrak aztertu dituzte Zaintzadiko hezitzaileek eta auzozaindu bakoitzarentzat eskuhartze programa propioa diseinatu dute, ahaldundu eta gizarteratzeko. Epe batera laguntzarik behar ez izatea da helburua, auzozaindua independente bihurtzea. Auzozain ezberdinen laguntzarekin lortu nahi dute hori, elkarlana eta elkar zaintza izango baitira proiektuaren arrakastarako gakoa.

Auzozain izateko modu asko daude

Auzozain deitu diote bakardade egoera ez hautatuan dagoena laguntzeko prest dagoenari. Urteetan zehar modu naturalean egin izan den eta galtzen joan garen auzozaintza xaxatu eta indartu nahi dute egitasmoarekin. Adi egongo den jendea bilatzen da, ingurukoen beharrak entzuten edo erantzuten lagundu dezakeena.

Auzozaina da bakarrik bizi den beheko bizilagunari zer moduz dagoen eta zerbait behar duen galdetzen diona. Paseo bat eman edo kafe baterako tartea hartzen duena. Aldaketaren bat antzematen badu gizarte zerbitzuekin harremanetan jarriko dena.

Auzozain izan daiteke antzerkia gustuko duen eta antzerkizale amorratua den aizozainduarekin emanaldi batera elkarrekin joateko prest dagoena. Edo jostun abila den auzotarra, auzozaindu batzuekin eskulan honetan astean ordubete solasean pasako duena. Elkarrekin gustuko gauzak egitea da helburua.

Amakiña modu ezberdin daude auzozain izateko. Edonor izan daiteke eta bakoitzaren zaletasunen, prestutasunaren eta ezaugarrien araberako proposamen malguak egingo dituzte Zaintzadiko hezitzaileek. Aukera guztiak ezagutu eta informazio gehiago nahi dutenek zaintzadi@oiartzun.eus helbidera idatzi edo 943 49 05 52 telefonora dei dezakete.

(Argazkian: Olaia Lasa Gizarte Ongizate zinegotzia eta Aintzane Iribar eta Miren Berasarte Zaintzadiko hezitzaileak)

Gehigarriak

Elkar zaintzeko sarea josten hasi dira