HELTAko 21 ikastaroetan izena emateko epea ostiralean irekiko dute

Irailaren 10a izango da aurrematrikula egiteko azken eguna.

Irailaren 1etik 10era arte egongo da zabalik HELTAko ikastaroetan izena emateko aukera. 10 egun hauetan aurrematrikua online egiteko aukera egongo da, www.helta.eus webgunean. Aurrez aurre egin nahi dutenentzat ere izango da aukera irailaren 4tik 8ra, Karaez kaleko lokalean (10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara).

Aukera zabala prestatu dute 2023-2024 ikasturterako ere HELTAko kideek. Ohikoak izaten diren tailerrez gain, bi berrikuntza txertatu dituzte aurtengo ikasturterako (hipopresiboak eta emakume izatea gaurko gizartean). 21 ikastaro ezberdin antolatu dituzte: ariketa mentala, bertsolaritza, ehoziria, egur taila, euskal dantza, gimnasia, gitarra, joste lanak, luzaketak, margolaritza, patchwork, pilates, pilates terapeutikoa, tai chi, yoga, zaharberritzea, dantza latinoamerikarrak, masajea, hipopresiboak, zaintzailea zaintzen eta emakume izatea gaurko gizartean.

Ikastaroen zerrenda eta egutegia hemen ikusi daiteke.

55 urtetik gorako oiartzuarrek lehentasuna

Duela 25 urte baino gehiago hasi ziren HELTAko kideak, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, helduen hezkuntza, integrazioa eta garapenerako formakuntza ekintzak eta jarduerak antolatzen. Oso arrakastatsuak izaten dira urteko tailerrak. Iaz 900 lagun aritu ziren ikastaroetan. Ikasle kopurua mugatua denez, talderen batean jende gehiegi apuntatuko balitz Oiartzunen erroldatutakoek eta 55 urtetik gorakoek izango dute lehentasuna.

Iraila erdialdera argitaratuko dituzte ikastaroetan onartutakoen zerrendak eta orduan egin beharko da ordainketa. Tailerrek 85 euroko prezioa izango dute herrikoentzat (115 € Oiartzunen erroldatuta ez daudenentzat).

Informazio gehiago nahi dutenek helduenta@hotmail.com helbidera edo 618 091 176 telefonora idatzi dezakete.

Gehigarriak

HELTAko 21 ikastaroetan izena emateko epea ostiralean irekiko dute

Fitxategiak