Ondare mahaiko kideek jaso dute 2023ko kultur saria

Xanistebanetako kartel lehiaketako sariak banatu dituzte Kultur Ekitaldian.

Xanisteban jaien iragarle izan ohi da abuztuaren 1eko kultur ekitaldia eta aurten ere hamarnaka herritar bildu dira txupinazo bezperako hitzorduan.

Txistulariekin batera sartu dira Arizmendieneako lorategira Joana Mendiburu alkatea eta Udalak aurten omendu nahi izan dituen ondare mahaiko kideak. Mendiburu izan da hitza hartzen lehena. Urtea azkar pasa den arren “bizia” izan dela esan du, batez ere kulturari dagokionez. “Landetxe eraikin berria inauguratu genuen martxoan eta harrera oso ona izan du. Aurrerantzean, herriko eragile guztiekin elkarlanean Landetxeko eta herrirako kultur programazio landua eta txukuna bultzatzeko erronkari gogotik helduko diogu”. Gaur egun Oiartzun hain herri bizia bada, “eragile guztiek egiten duzuen lanari esker” dela aitortu du eta denei eskerrak emateaz gain elkarlanean jarraitzeko nahia azaldu du, “guztientzako herri atsegina egin eta euskara eta euskal kultura sustatzeko”.

Aurtengo kultur ekitaldian Oiartzungo ondare aberatsa zaintzen eta ezagutarazten hainbeste lan egin duten herritarrak omendu nahi izan ditu Udalak. Alkateak gogorarazi duenez, aurreko legealdian herritarrek bultzatuta apustu “sendoa” egin zen Oiartzungo ondarea berreskuratzeko eta baita ondare mahaia indartzeko ere. Horregatik eskerrak eman dizkie aurreko legealdiko korporazioari eta ondare mahaia osatzen duten kide guztiei. “Historia eta herriko gertakizun garrantzitsuak ezagutzea berebizikoa da nondik gatozen jakiteko eta, hortaz, nora goazen jakiteko ere. Zuekin zorretan gaude eta egiten duzuen lanak preziorik ez badu ere, ongi merezia duzue 2023ko kultur saria”.

Elena Zalakain: “Jarrai dezagun guztion artean gure ondarea jasotzen eta jakinmina sustatzen”

Joana Mendiburu alkateak eta Jexux Olaziregi eta Aiako Harria Gaztelumendi zinegotziek banatu dizkiete oroigarriak ondare mahaiko 10 kideei; Elena Zalakain Lazpiur, Joxemari Mitxelena Cazabon “Axeia”, Joxemari Iturriotz Oñatibia, Nekane Martiarena Labandibar, Eneko Salaberria Gonzalez, Alex Roteta Nazabal, Leire Mitxelena Erice, Mikel Mendizabal Cristobal, Joxe Krutz Ezeiza Aizpurua “Kaxka” eta Javier Belza Perezi.

Taldekide guztien izenean eskerrak eman ditu Elena Zalakainek. Ondare mahaiaren ibilbidearen errepasoa egin du eta ondarea babestu eta zaintzeak duen garrantzia azpimarratu du. Jexux Leonet alkate ohia eta Jon del Olmo eta Iosune Cousillas zinegotzi ohiak ere gogoan izan ditu, duela zortzi urte “herriko ondarea berreskuratzeko erronkari ekiteagatik”. Guztion lanari esker urte hauetan guztietan lortutakoa balioa jarri ditu: “lortu dugu besteak beste herriko ondarea web-orri batean jaso guztion eskura jartzea eta herriko kultur programazioan ondarearen jardunaldiak txertatzea”. Hasitako bideak etenik ez dezala izan aldarrikatu du. “Aurreko belaunaldien lan oparoa jaso dugu eta orain denoi dagokigu horren inguruko arreta eta jakinmina sustatzea, interpretazio aberatsagoak egin, erabilera berriak plazaratu eta ondorengoei eskaintzeko”.

Urtekariaren aurkezpena eta kartel lehiaketako sari banaketa

Kultur saria emateaz gain, Oiartzun 2023 urtekariaren aurkezpena egin dute arratsaldean. 1956an jaio zen Oiartzungo bizitasunaren eta transmisioaren adierazle den aldizkaria. 53. zenbakia du aurten. “Oiartzungo aldizkariaren kolekzioa egiten dugunontzat ale berri bat”  ondu duten guztiak zoriondu ditu Joana Mendiburu alkateak, urteko gai nagusiak jaso eta hainbat kontu interesgarri jasotzeaz gain, “gure ondarearen erakusle eta parte” ere badirelako liburu hauek.

Xanistebanetako kartel lehiaketako sariak banatzeko ere aprobetxatu dute gaurko ekitaldia. Irabazleak eta txapelketan parte hartu duten lan guztiak ikusgai egongo dira gaur, bihar eta ostiralean 9:00etatik 14:00etara Manuel Lekuona bibliotekan.